ELAren iritziz Espainiako Gobernuak gaur onartu duen Segurtasun eta Osasunerako Plan Estrategikoa ez da eragingarria

2007/07/02
Espainiako Gobernuak joan ekainaren 29an onartu zuen 2007-2012 epealdirako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Estrategia. Joan den maiatzaren 22ko zirriborroan nabarmen aitortzen zen segurtasun eta osasun kontuan egoera zein kezkagarria den: “Istripu indizeak jasanezinak dira giza ikuspuntutik, politikoki onargaitzak eta ekonomikoki ere ezin da horrela jarraitu, Europako mailatik oso urrun baitaude”.

Aitzitik, azken testuak dio “laneko istripuen indizeak ez du botere publikoen eta subjektu pribatuen jarduna babesten, azken urteotan laneko istripuen eraginak duen indizeek jaitsiera txiki bat adierazi arren; istripu kopuruak ez datoz enplegu gehiago eta hobearen aldeko apustua egin duen lan-merkatuarekin bat”

Testuan egin den aldakuntzaren zergatiak begibistakoak dira. Estrategia horretan arazoa konpontzeko mahairatu diren neurriak ez dira egunez egun osatzen den egoeraren araberakoak. Istripuen arrazoiak argi daude. Ugazabek etekin ekonomikoak laneko segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen dituzte; lan-erritmo biziegiak ezartzen dituzte; segurtasun-neurri eragingarririk ez dute bermatzen, eta aldi baterako kontratuak zein azpikontratazioa erabiltzen dituzte. Bestalde, administrazioak honen aurrean ez du deus egiten.

ELAk planari kritika egiten dio, enpresetan ikuskaritza eta kontrolerako politikak ez baitira zehazten, testuan Europa mailako ikuskari kopuruarekin parekatzeko aipamen lauso bat eginagatik. Atal honetan sektore-eragilearen figura sortzen da. Figura hau hutsala eta ezdeusa da: elkarrizketa sozialeko eredu baten fruitu honek ez ditu enpresetako segurtasun eta osasun baldintzak hobetuko; egitura sindikal jakin batzuk finantzatuko ditu.

Estrategian propio saihesten dira gaixotasun profesionalen inguruko arazoak; hauek konpontzeko, ezkutuan geratzen den izurri hori gainditzeko, lehenbailehen hartu behar dira erabakiak. Istripuak gutxitu eta segurtasun eta osasuna hobetzeko helburuak hitz huts besterik ez dira, baldin eta gaixotasunekiko ezer egiten ez bada.

Bestalde, ELAren iritziz testuan aipatzen diren jarduerak ez dira nahikoak, ez konkretuak; ez dira ildo bakoitzerako ezarriko diren baliabideak ere zehazten. Kontzientziatzea, sentsibilizatzea, informazioa, prestakuntza eta ikerkuntza besterik ez dira aipatzen.

Enpresek horrela inpunitatean jarraituko dute, eta gainera administrazioak saria emango die: legea betetzeagatik banatuko diren diru-laguntzak, onurak eta kotizazio murriztuak. Hots, plan honek ez du gauzak konpontzeko balio, istripuen benetako zergatiei ekiten ez dien heinean.