ELAren iritziz ezinbestekoa da aurrekontu eta zerga-politika errotik aldatzea Nafarroan
2015/12/11
2016ko aurreproiektuan 2015eko aurrekontuan baino 147 milioi euro gehiago jaso bada ere, honek ez du esan nahi Nafarroako Gobernuak gastatzeko 147 milioi gehiago izango duenik. Benetan gastatzeko aukera txikiagoa izango da, zor publikoaren ordaina 22,6 milioi euro gehituko baita. ELAren aburuz diru-sarrerak azken urteetan zerga-politika jakin baten ondorioz erori dira: politika horrek iruzur fiskala ontzat eman eta pribilegiozko tratua eskaini die errenta altuei, enpresei eta kapitalari.
2010 eta 2016ko ekitaldien artean Nafarroako Gobernuaren gastua zor publikoan eta itzalpeko bidesarian 349,4 milioi euro gehitu da. Epealdi berean, 138,6 milioiko murrizketak egin ditu osasunean (49,1 milioi), hezkuntzan (67,3 milioi) eta etxebizitzan (22,2 milioi). Datu hauek agerian uzten dute, ELAren aburuz, osasun eta hezkuntza sistema publikoetako kalitateak okerrera egin duela, bide batez pobrezia eta babes gabezia soziala areagotzen ari direlarik.