ELAk azken astean izandako hiru lan heriotzak salatu ditu
ELAk ohartarazi du 2026an jada 12 langile hil direla Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, hiru azken astean. Horietako bat Gasteizen gertatun zen martxoaren 24an, 58 urteko Barco Motor S.A. enpresako langile bat ezbehar ez-traumatiko baten ondorioz hil zen. Egun berean, Legution, 40 urteko beste langile bat hil zen zuhaitz batek kolpatuta, Transportes Mertxe Larralde, S.L. eta Desarrollos de Madera OLATEK (Grupo Egoin) enpresekin lotuta. Azken istripua Valtierran izan zen, 52 urteko langilea hil zen atzo pala kargagailu batek jota, abeltzaintzako hondakinak kudeatzen dituen enpresa batean.
ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die senide, lankide eta gertukoei, eta azpimarratu du lan heriotzak ez direla kasu isolatuak, baizik eta prekaritatearen ondorio zuzena. “Azpikontratazioa, lan-erritmo altuak, prebentzio neurri eskasak eta kontrol instituzionalaren gabeziak handitu egiten dute istripuen arriskua”.
Gainera, ohartarazi du saihestu daitezkeen heriotzak errepikatu egiten direla sektore eta egoera jakin batzuetan, bereziki basogintzan, makinak harrapatuta edo altueratik erorita. ELAk nabarmendu du lan heriotzen errudunak eta erantzuleak prekaritatea eragiten duten enpresak eta gobernuak direla.
Egoera honen aurrean, ELAk eskatu du lan-ikuskaritza indartzea eta Europako batez bestekora hurbiltzea: zehazki, ikuskaritzako plantilla 120ra handitzea EAEn (egun 56 dira) eta 50era Nafarroan (egun 15).
Halaber, premiazko plan bat martxan jartzea proposatu du, makina arriskutsuak kontrolatzeko, altuerako lanetan segurtasun-neurriak bermatzeko eta basogintzako jarduera guztiak zorrotz ikuskatzeko.