ELAren oharra

2008/04/09
CEBEK patronalak gaur arratsaldean zabaldu duen prentsa-oharra dela eta ELA sindikatuak honakoa argitu nahi du:

1. Gatazka honen jatorria 2002an kokatzen da, izan ere orduan greba egin baitzen Hormigoi eta Harrobien sektorean Bizkaiko patronalak minoriarekin hitzarmen bat sinatu zuelako. Greba amaituta, prozesu penal batean ELAko militanteei espetxe-zigorrak ezartzeaz gainera beste asmo bat ere bazegoen, gure sindikatua gatazkan ustez eragindako kalteen erantzukizun zibil subsidiario legez epaitzea.

2. CEBEKek aipatzen duen sententzian argi eta garbi geratzen da ELA sindikatuak gertatu zenaren gaineko inolako ardurarik ez duela.

3. Bestalde, ELAk bere militanteak defenditu egin ditu eta babesa eman die; hain zuzen, akusatuta zeuden bi lagunei beharrezko babes ekonomikoa eskaini die, hauek espetxeratzeko egon zitekeen arrisku oro saihesteko.

4. ELAk gogoratu nahi du CEBEK patronalak ELAko zenbait militanteren eta sindikatuaren beraren aurka ekindako kriminalizazio selektiboaren ondorioz Lan Harremanen Kontseilutik ateratzea erabaki zuela. ELAren ustez, erabaki haren zergatiak –negoziazio kolektiboko joko-arauak hautsi izana– erabat indarrean dirau.