ELAren ordezkaritza bat lan-erreformaz, pentsio publikoez eta soldata arrakalaz aritu da Valerio ministroarekin

2018/10/30
Txiki Muñoz ELAko Idazkari Nagusia buru dutela, Amaia Muñoa Idazkari Nagusiaren Albokoa eta Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduraduna Lan Ministroarekin izan dira. Bileran hiru gai nagusi aztertu dituzte: lan-baldintza duinak bermatzeko lan-erreforma baten beharra, pentsio publiko sistemarekin lotuta Euskal Herrian sortutako mugimenduaren eskakizunak, eta soldata arrakalarekin amaitzeko lege baten beharra.

Batetik, ELAk Valerio ministroari eskatu dio azken hiru lan-erreformak bertan behera uztea. ELAren iritziz hiru lan-erreformak langileen lan-baldintzak okertzeko tresnak izan dira eta ezinbestekoa da denak indargabetzea. Erreforma horietan bereziki azpimarratu dute negoziazio kolektiboaren estruktura berriak jokatu duen papera, enpresa zein estatuko hitzarmenei lehentasuna ematea lan-baldintzen debaluaziorako estrategian ezinbestekoa izan baita.

Zentzu horretan, ELAk Valerio ministroari azaldu dio beretzat ez dela posible lan-erreformarik burutzea estatalizazioa ezbaian jartzen ez bada, Unidos Podemosekin sinatutako aurrekontu akordioak jasotzen duen legez. Estatalizazioak sindikatu zein patronalek daukaten ordezkaritzaren arabera lan-baldintzak adostu ahal izatea debekatzen du. Hego Euskal Herrian hainbat sektoretan gutxiengo diren eragileek aukera dute gehiengoaren ordezkaritza duten sindikatuei eta patronalei negoziazioa blokeatzeko. Debeku horren ondorioa argia da, Estatuko hitzarmenek aurreikusi ohi dituzten lan-baldintza okerrak hobetzeko aukerarik ez izatea, hain zuzen. ELAren ustez, bai ikuspuntu demokratikotik, zein lan-baldintzak hobetze aldera, Sanchez presidente egin duen alderdi batek ere ez lioke estatalizazioa mantentzen duen lan-erreforma bati bere oniritzia eman beharko. Alderdi politikoekin hilaren 18an Madrilen izandako bileretan gai hau aztertu genuen, baita eskatu ere balizko lan-erreformen aurrean estatalizazioarekin amaitzeari lehentasuna ematea; Lan Ministroarekin ere iritzi hau partekatu dugu.

Bestalde, Euskal Herrian pentsio publiko sistemaren aldeko mugimendua oso indartsua da, eta ELAk Valerio ministroari adierazi dio gai hau ere Euskal Herrian arautzeko aukera izan behar dugula, eta bien bitartean pentsio publiko duinak bermatzeko neurriak hartu beharra dagoela. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak hori bermatu beharko luke.

Azkenik, emakumeek lan-munduan pairatzen duten diskriminazioak murrizteko, hurrengo martxoaren 8aren testuinguruan, ELAk soldata arrakalarekin amaitzeko lege baten beharra azpimarratu dio Ministroari. ELAren iritziz, bereziki larria da administrazioek azpikontratatutako zerbitzuetan gehienbat emakumeek betetzen dituzten lanei batik bat gizonek betetzen dituzten lanpostuei baino balio txikiagoa ematea.