ELAren ordezkaritza maila asko hobetu da 2016an izandako hauteskunde sindikaletan
ELAk Hego Euskal Herrian hautatutako ordezkarien portzentaje handiagoa du (%35,79) estatu eremuko bi sindikatuek baino: CCOOk eta UGTk batera %34,69 lortu dute.
- EAEn ELAk %40,25ko ordezkaritza erdietsi du, eta igoera 0,19koa izan da. Eremu honetan 2016an gehien hazi den sindikatua izan da.
ELAk eta LABek batera duten ordezkaritza maximo historikora heldu da (%59,25), CCOO eta UGTren aldean (biek batera %29,66 dute); aldea 29,59 puntukoa da.
- Nafarroan ELAk inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena lortu du, %22,74a, 2016 urtean izandako 0,86ko igoerari esker.
Lurralde honetan lehenengo aldiz UGTren eta CCOOen arteko batura %50etik behera geratu da (%49,42); ELAk eta LABek, berriz, ordezkarien %37,92 bildu dute, batera 1,29 puntu irabazi dituztelarik.
Emaitza hauek adierazten dute langileek bat egiten dutela ELAren kontraboterezko eredu sindikalarekin. Eredu autonomoa, ikuspuntu finantzario zein politikotik, eta langileen beharrizan eta asmoetatik hurbil dagoena.
ELAren eta LABen emaitzak aintzat hartuz gero, ostera ere agerian geratu da gure herriko langile-klasearen gehiengoak bertoko eredu sindikal erreibindikatiboa hobesten duela, kontzertazio sozialeko eredutik urrun.