ELAren partehartzea Migrazioei buruzko Munduko III Gizarte Foroan

ELAko Immigrazio Arloko arduradun Emerita Cuellar-ek parte hartu du Migrazioei buruzko Munduko III Gizarte Foroko azken egunean. Foroa Madrilen egin da irailaren 11tik 13ra, izenburu honekin: “Gure ahotsak, gure eskubideak, harresirik gabeko mundu baten alde”. Foroaren helburua elkarte sozialen arteko “lan-sareak eta borroka-sareak finkatzea” da. Egun horietan mintegi, jardunaldi eta bilera ugari egingo dira.

3.000tik gora ordezkarik hartu dute parte migrazioei buruzko mundu-mailako eztabaidarik handienean. Migrazioei buruzko mundu-mailako foro bat antolatzeko ideia Porto Alegren sortu zen, 2005. urtean, eta elkarte sozialen eztabaidak eta gogoetak egiteko berebiziko tokia bilakatzeko asmoz sortu zen.

 

Emerita Cuellar-ek nabarmendu du bere hitzaldian “etorkinen arazoak Euskal Herrian eta Europako Batasunean antzekoak direla”. Alde horretatik, esan duenez, “hesirik handiena hainbeste aldiz aldatutako Atzerritarren Legea da; horrek galarazten baitie etorkinei oinarrizko eskubideak eskuratzea: paperak, lan arautua, etxebizitza, partehartze politikoa...”

 

ELAko ordezkariak emandako datuen arabera, 2008ko urtarrilean etorkinak erroldako %5’4 dira EAEn, eta %10’4 Nafarroan. “Portzentaia horiek biak txikiak dira inguruko beste eskualde batzuen aldean; beraz, hona etorritakoek aukera gehiago eta baldintza soziolaboral hobeak izan beharko lituzkete teorian; baina ez da horrela gertatzen” azpimarratu du Cuellar-ek.

 

Gobernuek etorkinei jarritako hesi juridiko eta sozialak direla-eta, patronala irabazian atera da, eta enpresa askok gaurko egunean lan prekarioa baino ez dute eskaintzen. Horrek dakarrena zapalkuntza da.

 

Cuellar-ek, bestalde, adierazi du lan-prekarietatearen menpean dauden gehienak emakumeak direla, eta paperak izatea ez dela berme nahikorik lan ona eskuratzeko. Dena dela, emakumeentzat zailagoa da, hori bistan dago, zeren integraziorako pasaporte bakarra lan-kontratua da, eta dituzten lan-aukera bakarrak prekarietate gehieneko sektoreetan daude: zerbitzuak, etxe-langileak...

 

Ildo horretatik, Cuellar-ek Corbacho ministroaren azken adierazpenak kritikatu ditu, hau da, etorkinak jatorrizko herrialdean kontratatzeari buruzko adierazpenak. Izan ere, “etorkinak eta enplegua lotu ditu ministroak, eskulan hutsa balira bezala. Eskulan merkea diren neurrian dira interesgarriak”.

 

ELArekin batera, Sindikatuen arteko Konfederazioak, Continental Baztertuen Oihuak, Harresiak Apurtuz-ek eta ATTAC Europak hartu dute parte eztabaida-mahaian, hurrengo izenburu honen pean: “Morroien lana, iruzurrak, langile etorkinen lan-eskubidea”.