ELAren ustez Arnaldo Otegiren kartzelaratzea zentzugabekeri juridiko eta politikoa izango litzateke

2006/03/27

ELAren Batzorde eragileak berretsi egiten du KONPONBIDEAREN GARAIA DA goiburupean egingo den manifestaldirako deialdia, eta bere afiliatu eta militanteei datorren larunbatean Bilbon izan daitezen eskatzen die. ELAk manifestazio hau ikuspegi alderdikoi eta esparru-leiaren gainetik jarri nahi du; uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela konponbidearen aldeko indarrek bat egitea eta euskal gizarteak bere erabakitzeko eskubidearen aldarria kaleratzea.

Bestalde, Batzorde eragileak biharko Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegiri jarri dion hitzorduaz bere iritzia eman nahi du. Hasteko, Otegiri leporatzen zaion delitua oinarrizko eskubide zibil eta demokratiko bat baliatu izana besterik ez da. Beraz, akusazio bera bidegabea da, Olano, Petrikorena, Rafa Diez eta Pernando Barrenaren aurkakoak bezala, eta inolako baldintzarik eta mugarik gabeko askatasuna izango litzateke aukera zuzen bakarra.

Nolanahi, salatu behar dugu epaitegi espainolek darabilten bada-ezpadako espetxeratzearen gehiegizko erabilera. Errugabetasun printzipioa baztertu eta euskal preso andana daukate urteetan zehar kartzelan epairik gabe; Aranjuezeko espetxean hil berri den Roberto Saizi gertatutakoa horren lekuko da. Egoera hau beti izan baldin bada bidegabea, erabat zentzugabea bihurtzen da joan den asteko ETAren iragarpenaren ostean. Bidezkoa eta zentzukoa izango litzateke egoera horretan dauden presoak askatzea. Bidegabea (eta politikoki ezin kontraesankorragoa), horren ordez jende berria espetxeratzea, Arnaldo Otegirekin egin nahi omen den bezala.

Azkenik, Batzorde eragileak ELAko militante eta afiliatuei gogorarazten die datorren ostirala hileko azken ostirala dela, eta hiri nahiz herrietan Etxeratek antolatzen dituen elkarretaratzeetan parte hartzera deitzen die. ELAk uste du euskal presoen aldeko ekimenek ez dutela etenik izan behar, presoei oinarrizkoenak diren eskubideak urratzen zaizkien bitartean.