ELAren ustez garrantzitsua da armagabetzea gogora ekartzea

2018/04/12
Armagabetzea, berez, aurrerapauso erabakigarria izan zen, eta, gainera, guztiz beharrezkoa bakea eraikitzeko bidean. ELAk bere ordezkariak bidali zituen Baionara, ETAren armagabetzea oroitzeko eskulturaren inaugurazio-ekitaldira. Ekimen horren ondorioz, arma horiek guztiak sakabanaturik egotearen arriskua desagertu da, eta, gainera, bakea eraikitzeko bidean aurrerapauso gehiago emateko baldintzak sortu dira.

ELAren ordezkaritza batek, tartean Adolfo Muñoz idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoak, parte hartu zuen apirilaren 8an Bakebidearen eta Bake-egileen foroan. Saio horretan armagabetzea gauzatu zenetik hona igaro den urtebetean gertaturikoak aztertu dira, eta, baita beste gai batzuk ere jorratu ere, besteak beste, biktimak, presoak, bizikidetza eta berradiskidetzea. 

ELArentzat beharrezkoa da gizarte zibilaren ekimenaren balioa aitortzea eta azpimarratzea, baita Iparraldeko hautetsien papera ere, lehenengo Luhuson, eta, gero, 2017ko apirilaren 8an. ETAk 2011n borroka armatua behin betiko uztea iragarri zuenetik egoera bertan geldirik zegoen, gobernu espainiarraren geldotasun aktiboaren eraginez, eta, ekimen horiei esker, egoera ito-puntutik atera eta bide eman zaio armagabetzeari.

ELAk nabarmendu ditu gobernu frantsesak emandako pausoak espetxe-politikari dagokionez. Izan ere, hartu dituen erabakiak garrantzitsuak dira, presoen eskubideen aldekoak direlako, eta, batez ere, gobernu frantsesaren erabaki irmoaren erakusgarri direlako. Aurrerantzean gobernu frantsesak bere bidea egin nahi du, gobernu espainiarraren esanetara egon gabe.