ELAren ustez Gipuzkoako Gizarte Politikako Diputatua “mehatxuengatik” salatzeko ADEGIren asmoak ez du ez hanka ez bururik
Ander Rodriguez diputatuak bere jardun publikoarekin eragin du lan-baldintza hobeak finkatu ahal izatea. ELAk hau txalotu egiten du, eta noski, beste esparru batzutan ere antzekorik gertatzea nahiko luke. Zoritxarrez, honelako adibideak ez dira sarri ikusten.
ADEGI, bere aldetik, edozein akordio blokeatzen saiatu da, sektore mailan eta zentro bakoitzean. Gipuzkoako patronalak, jarduten ari den negoziazio kolektiboko esparruetan, argi asko esan zuen: “Ez dadila negoziatu, beste erremediorik ez bada” . Ez dago negoziatzeko borondaterik; inposatu nahi dituen beste edukirik egotea ez du nahi.
ELAren iritziz argi zegoen langileek aplikatzea bermatuta izango zuen hitzarmena nahi bazuten ADEGIren estrategiari aurre egin eta borrokatzea beharrezkoa zela; hala egin dute. Helburu horrekin ELAk erabaki zuen enpresetara jo behar zela ADEGIk sektore mailan ukatzen zuena lortzeko. Bada, gaur 50etik gora egoitzatan eta 50 eguneko zentrotan akordioa iritsi da, hots, langile kolektiboaren %93arentzat. ELAk zoriondu egin nahi ditu langileak, egin duten borrokagatik.
ADEGIk orain Gizarte Politikako diputatua ustezko “mehatxuak” medio salatzeak ez du ez hanka, ez bururik; patronal zinez autoritario baten erabakia da; gatazkan galtzaile izan dela dakien patronal baten erabakia.
ADEGIk, patronal gisa, “lankidetza publiko-pribatua” indarrean zegoen garaira itzuli nahiko luke (Gipuzkoa Aurrera izan zen haretara); lankidetza horren baitan eurek -eragile pribatuek- azkenean erabakitzen zuten arlo publikoan zer egin behar zen, arlo pribatuan negozio aukerak irekitzeko. Foru Aldundiak ezarritako baldintzak langileen esplotazioa eragingo balute ADEGI pozik egongo litzateke. Salatzekoa da zenbaterainoko hipokrisia eta zinismoa darion ADEGIren salaketari.
ELAren ustez honelako patronalei mozorroa kendu behar zaie, izan ere, diru publikoz finantzatutako lobby bihurtu baitira, eta helburu argiak dituzte: publikoa dena eta eskubide laboralak suntsitzen saiatzea, eta beren estrategia laguntzen ez duen ekintza sindikal, sozial eta politiko oro kriminalizatzea.