ELAren ustez harrigarria da LAB orain jabetzea metalgintzako patronala zer nolakoa den

2014/09/25
ELAren esanetan langile-klaseari argi hitz egin behar zaio. Patronalak eta gobernuek alde daukaten legedia medio, aurre egiteko modu bakarra enpresetan antolatu eta borrokatzea da. Ezinezkoa da patronalaren asmoez 2014ko irailean konturatzea.

LABek metalgintzako negoziazio sektorialei buruz eman duen azken prentsaurrekoa dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

- Badirudi LAB 2014ko irailean konturatu dela patronalaren erreforma laborala inposatzeko nahiaz. Haatik, berandu iritsi da konklusio hau, eta LABek bi urte luze alferrik galdu ditu, bitartean ez baitie langileei azaldu patronalaren erasoa zenbaterainokoa den.

- Gainera, LABek Gasteizko gobernuari beronek ez daukan sinesgarritasuna ematen dio. Arlo publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea hankapean hartzen duen Jaurlaritza ezin da metalgintzako langileentzako inolako esperantza izan. Herri honetako langile-klaseak duela hainbat urte ikusi zuen Gasteizko gobernua patronalaren interesen alde kokatu dela. Sindikatu batek metalgintzako negoziazio estrategia Jaurlaritza honen baitan jartzeak agerian uzten du estrategia hori okerra dela.

- Oso larria da LABek ELA parekatzea CCOO eta UGTrekin. Bi sindikatuok hitzarmen sektorialak sinatzen ari dira, eta horrela langile-klasea jasaten ari den eskubide galera errazten dute. Nafarroan ia hitzarmen sektorial guztiak daude sinatuta, eta estatu mailan soldatek jaitsierarik nabarmenena pairatu dute. Gainera, CCOO eta UGT hitzarmen sektorialak zentralizatzeko bidean eragile aktibo ari dira izaten.

- 2012ko erreforma laborala latza bezain argia izan zen. Gobernuak patronalari bere neurriko legeak eskaini zizkion. LABek orduan konfrontazioa saihestea erabaki zuen. Hainbat proposamen plazaratu zuen -lanbidearteko akordioak, akordio marko sektorialak, itun blindatuak, "zubi"-akordioak, trantsizioko hitzarmenak, etab.- ageriko ondorioa ez azaltzearren: Enpresetan borrokatzeko garaia dugu.

- Langile-klaseari argi hitz egin behar zaio. Patronalak eta gobernuek alde daukaten legedia medio, aurre egiteko modu bakarra enpresetan antolatu eta borrokatzea da. Ezinezkoa da patronalaren asmoez 2014ko irailean konturatzea.