ELAren ustez Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta PSEk bozkatu duten negoziazio kolektiboari buruzko akordioa hutsala da

2017/05/30
Akordio honekin aukera bat galdu da Eusko Legebiltzarrak -edota babesa emateko prest zeuden taldeek- posizio bat finka zezaten benetako konpromisoren bat har zedin patronalek eta gobernuek, baita herri-administrazioetan ere, soldatak jaitsiarazteko garatzen ari diren estrategien aurka.

Joan den maiatzaren 25ean EAJk, EH Bilduk eta PSEk mozio bat adostu zuten EAEko negoziazio kolektiboaren inguruan. Hasieran aurkeztu zen mozioa eta azken emaitza ikusirik, ELAk honakoa adierazi nahi du:

1.- Akordioak ez du inolako eraginik, ez arlo pribatuan, ez eta publikoan ere. Adierazpen bat egiten da, baina garatzerakoan inor ez du derrigortzen.

2.- Akordioak Jaurlaritzari ez dio ezer exijitzen soldatak jaitsi dituen arlo publikoetan, ez eta azpikontratatuetan ere; hauetan doikuntza politikak, lizitazioetan preziorik merkeena lehenesten duenak, eragiten du lan baldintza oso kaskarrak aplikatzea (EAJk, PSE-EEk eta PPk uko egin zioten HLEari).

3.- Akordioa sinatuagatik, Eusko Jaurlaritzak PPren gobernuak ezartzen dituen soldata- eta enplegu-politika berberak aplikatzen ditu, eta areago, legez egingarria den zenbait neurri, esaterako aparteko paga itzultzea edota Itzarri ordaintzea, oraindik ere ez du gauzatu.

Akordio honekin aukera bat galdu da Eusko Legebiltzarrak -edota babesa emateko prest zeuden taldeek- posizio bat finka zezaten benetako konpromisoren bat har zedin patronalek eta gobernuek, baita herri-administrazioetan ere, soldatak jaitsiarazteko garatzen ari diren estrategien aurka.

Oraingoan ere lehentasuna akordioa iristeari eman zaio, eta ez hainbeste bere mamiari.