ELAren ustez, lurraren lege proiektuak etxebizitza behar dutenen interesak ez baina Eudelenak hartzen ditu aintzat

2004/09/26

Jaurlaritzak onartu duen Lurraren lege-proiektua atzerapausoa da azken zirriborroarekiko. Esan dezakegu Eudel eta bera osatzen duten alderdiek saihestu egin dituztela gazteentzako etxebizitza duina izateko aukera errazten zuten hainbat neurri.

PROIEKTUAREN ETA AURREPROIEKTUAREN ARTEKO JAUZIA

Jaurlaritzak onartutako proiektuan Etxebizitza sailak egindako aurreproiektutik atzera egin du. Hain zuzen, auzi handienetako batek, etxebizitza babestuetarako lurra gordetzeak alegia, oso amaiera txarra izan du:

  • Sailak proposatu zuen %65etik %60era murriztu da etxebizitza babestuetarako urbaniza daitekeen lurren portzentajea.
  • Etxebizitza babestuentzako gorde beharreko hiriguneko lur ez kontsolidatua aurreproiektuko %35etik 20ra jaitsi da.
  • Aurreproiektuan hiriguneko lur kontsolidatuak ere gehikuntza izango balu eraikitzeko %20 erreserba kendu dute.

Gainera, onartu den proiektuak atzera egiten du udalei ezartzekoa zen betebehar bati dagokionez: babes ofizialeko etxebizitzarako baliabideak xedatu ordez baliabide horiek beste helburu batzutarako erabiltzen jarrai dezakete.

Aurreproiektua onar zedin Etxebizitza sailak amore eman behar izan du hasierako asmoekiko. Honek kalte handia eragiten die etxebizitza lortzeko hasieran zeuden aukerei.

LEGE-PROIEKTUAREN ETA EGUNGO EGOERAREN ARTEKO ALDEA.

Alabaina, are larriagoa da beste kontu bat: Lurraren lege-proiektuak egungo egoerarekiko ere atzera egitea ekarriko luke, etxebizitza babestuak eraikitzeko lurraren erreserbari buruz. Hain zuzen, etxebizitza babestuetarako gordetzen den lur urbanizagarri portzentajea %65etik %60ra jaitsi da.

Lege-proiektuan %10eko erreserba egiten da prezio tasatuko etxebizitzetarako, bai lur urbanizagarrian, bai hiriguneetako lur ez kontsolidatuetan; hau ez da aurrerapen handia:

- Prezio tasatuko etxebizitzak enpresaburuek eta Eudelek asmatu dute, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko diru-sarrera handiegiak dituztenentzat (33.055 euro, hots, 5,5 milioi pezeta). ELA ez dago figura honekin ados, babesaren behar handiagoa duten taldeak bai baitaude:

a) Etxebizitza babestua eskuratzeko diru-sarrera aski ez duten sektoreak.

b) Etxebizitza babestua eskuratzeko baldintzak bete baina egiten den kopuru txikia medio lortzeko aukerarik ez duena.

- Etxebizitza mota honekin eraikin babestuetarako lurraren erreserba %5 gutxitu da. 33.055 eurotik gorako diru-sarrerak dituztenen babesak ez luke inola ere muga hortatik behera daudenen eskubidearen kaltetan izan behar.

Beste puntu batzutan lege-proiektuak aurrerapenen bat badakar: agente urbanizatzailea eta agente eraikitzailea zehaztea (eraikuntza prozesua azkartuko baitute); etxebizitza babestuetarako lurra erreserbatzeko beharra izateko biztanle kopurua murriztea; etxebizitza hutsak desjabetzeko aukera, edota edifikabilitate gutxienekoa gehitu izana (horrela lurraren erabilpena egokiagoa izango da). Dena dela, puntuok guztiok ere hasierako lege-aurreproiektutik hona okerrera egin dute.

KONKLUSIOA.

Lurraren lege-proiektuak:

a) Egungo egoera hobetzen du (etxe bizitza babestuetarako lur urbanizagarriaren erreserbari dagokionez izan ezik, hau gutxitu egin baita).

b) Etxebizitza sailak aurkeztutako aurreproiektua baino dezentez okerragoa da./p>

Gobernukideek presioa eragin diete Etxebizitza sailari, honek proiektua gezatu dezan. Baina, era berean, gobernuko hirukoak badu hauteskundeetarako propaganda egiteko aukera aski egokia.