ELAren ustez oso larria da egoitza-baimena pertsonen errentaren arabera ematea

2012/11/20
ELAk Espainiako Gobernuari galdatzen dio proposamena bertan behera utz dezala, Atzerritarren Legea alda dezala, immigrante guztien gizarteratzea bermatzeko, edozein dela ere euren maila ekonomikoa, eta etxebizitza-politika ere alda dezala, herritar guztiek bizileku bat izan dezaten.

 

ELA sindikatuaren iritziz, neurri hori gauzatuz gero, duela hainbat urtetik hona gure artean bizi diren eta lan egiten duten milaka immigrante diskriminatuko lituzkete; hauek beren egoera ezin izan dute legeztatu Atzerritarren Legeak oztopoak ipintzen dituelako. Azken asmakuntza honen helburua ekonomikoa da, “etxebizitza stocka murriztea”; horregatik mugatu nahi dute errentaren arabera oinarrizko eskubidea aitortzeko aukera.

Erabakiok herritartasunaren eskubide eta araurik funtsezkoenen aurkakoak dira, berdintasun printzipioak errenta mailaren pean jartzen baitituzte.

ELAk salatu egin du espainiar Gobernuak erabiltzen duen neurri bikoitza: baliabide gutxiago dutenentzat etxegabetzea, eta gehiago daukatenentzat, aldiz, egoitza-baimena.

Horrenbestez, ELAk Espainiako Gobernuari galdatzen dio proposamena bertan behera utz dezala, Atzerritarren Legea alda dezala, immigrante guztien gizarteratzea bermatzeko, edozein dela ere euren maila ekonomikoa, eta etxebizitza-politika ere alda dezala, herritar guztiek bizileku bat izan dezaten.