ELAren ustez Toledoko Itunean adostu denak ez du eros-ahalmena mantentzea bermatzen

2018/09/28
ELAren ustez beharrezkoa da mobilizazioari eustea pentsioen eros-ahalmena bermatzeko eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin.

Mikel Noval ELAko gizarte-politikako arduradunak esan duenez, “Toledoko Itunean adostu den testuak ez du bermatzen pentsioen eros-ahalmena mantentzea. Testua lausoa da, irakurketa desberdinak egiteko aukera ematen du; izan ere, arduradun politikoek oso interpretazio anitzak egin dituzte”.

Novalek gogoratu duenez, “Toledoko Ituna eta espainiar Estatuko elkarrizketa soziala betidanik izan da, eta hala jarraitzen du, azken hamarraldietan pentsioak murrizteko politikari babesa emateko tresna. Horregatik uste dugu deuseztatu beharra dagoela”.

ELAk ohartarazi du pentsiodunak desmobilizatzeko saioa dagoela honen atzean. Horregatik, sindikatuaren ustez mobilizazioari eutsi egin behar zaio pentsio duinen sistema bat bermatzeko, hilean 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde eta gobernuak derrigortuta egon daitezen pentsioak gutxienik KPI adina igotzera.

Novalen iritziz, “pentsiodunak kalean duten indar horrek derrigortuko ditu benetan norabide egokian doazen erabakiak hartzera. Desmobilizatuz gero ez da ezer lortuko”. Beraz, ELAk dei egiten du datorren urriaren 1ean, astelehena, Adinekoen eguna dela eta deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera.