ELAren ustez txantxa bat besterik ez dira enplegurako laguntzei buruzko dekretuan Lan Sailak egin dituen aldaketak

2005/09/25

Dekretuak, besteak beste, dakartzan aldakuntzetako baten arabera, Eusko Jaurlaritzak ez die laguntzarik emango 10etik gora langile dituzten enpresei, bertan dauden aldi baterako lanpostuak %24tik gorakoak badira.

ELAk horren aurkako jarrera Lan Harremanen Kontseiluko Txosten Batzordean agertu zuen, eta berriro adierazi nahi du ez dagoela ados. Aurka egoteko arrazoi nagusiak:

  • Portzentaje hori ezartzeak ez dauka zerikusirik, gure aburuz, Jaurlaritzak berak dekretuaren zergatien azalpenean aipatzen duen "kolokako enpleguaren aurkako borrokan hartu duen konpromiso" horrekin.
  • Argi dago, gutxieneko kontrolik ez dagoelarik, enpresek aldi baterako kontratuen portzentajea nahi bezala manipula dezaketela, diru-laguntzak jasotzen jarraitzeko.
  • ELAk galdera bat luzatzen du: Aski ote da Jaurlaritzak helburutzat aldi baterako enplegua %24ra mugatzea (hein handi batean legearen aurkakoa delarik). Jaurlaritzak aldi baterako kontratuen zergatiak aztertzeko aukera saihesten du.
  • Gaur egun lanpostuen %24 aldi baterako kontratu bidez betetzen dituzten enpresek iruzur egiten diote legeari, eta Jaurlaritzak dekretu horretan hori onetsi egiten du. Unean-uneko egoerak izan ezik, ez dago horrelako portzentaje handia justifikatzen duen arrazoirik.
  • Jaurlaritzak, dekretuan egiten duen aldaketarekin, iruzurrean egindako aldi baterako kontratuak sistemaz egiten dituzten enpresei diru-laguntzak emateko ohitura ez du baztertzen, eta hau oso larritzat jotzen dugu.

ELAk behin eta berriz gogora arazi dizkie agintariei iruzur hori galarazteko dituzten aukerak. Gure aburuz, argi dago administrazioak egiteko hori ez duela aintzat hartzen. Diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresek kontratuetan iruzurrik ez dutela egiten egiaztatu ahal izateko ez du inongo biderik ezartzen dekretuak.

ELAk lan arloko aginteei iruzurra galarazteko kontrolak eta ikuskatzaileak prestatzea eskatzen die, eta arazo hau desagertarazteko moduan zigortu dezala. "Lanpostuen %24tik gora aldi baterakoa denean diru-laguntzak ez ematea" gaur txantxa bat besterik ez da.