ELAren XV. Kongresu Konfederala azaroaren 24an eta 25ean

Kongresua zifratan
Sindikatuaren estatutuei jarraiki, ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Batzorde Eragileak aurkeztutako kudeaketa txostena eta ponentzia. Delegatuak sindikatua osatzen duten eskualde edo lurraldeetatik zein federazio sektorialetatik (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan) datoz, beti ere, talde bakoitzaren afiliazioaren arabera. Hau da, eskualde eta lurraldeka 350 lagun izendatu dira eta beste 350 federazioetatik. Gainontzeko 36 pertsonak Nazio Batzordeko kideak dira.
Kongresuan izango diren 736 delegatuen artean, 384 gizonak dira eta 352 emakumeak (%47,2). Horrek agerian uzten du sindikatuaren genero berdintasunaren aldeko apustua. 2008. urteko kongresuan emakumeen parte hartzea %30,3koa izan zen, zoritxarrez; 2013an, %33,4koa, eta 2017an, %42,8koa.
Batzorde Eragile parekidea
Nazio Batzordeak proposatutako Batzorde Eragilean hiru kide berri izango ditu: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988) eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989). Hori dela eta, Kongresuko babesa jasoz gero, aurrerantzean parekidea izango da Batzorde Eragilea, honako kideekin: Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi albokoa. Nazioartea), Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak), Xabi Anza Olarra (Prestakuntza. Iparraldea), Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak), Iván Giménez Gil (Komunikazioa), Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Mikel Noval Fernandez (Gizarte Politikak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena), Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza), Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa).
Kongresuaren informazioa
Bi egun iraunen ditu Kongresuak. Baina pandemia dela eta, goizez soilik izango dira saioak. Azaroaren 24an goizeko 9:00etan hasiko da, 14:00 arte. Lehen egunean sindikatuak orain arte egindako bidearen inguruko hausnarketa eta balorazioa egingo du, eta txosten ekonomikoa aletzeko eguna izango da. Bigarrenean, berriz, ponentzia eztabaidatu eta Batzorde Eragilea hautatuko da.
Datu horiek guztiak eta bestelako nobedadeak, sare sozialetan eta webgunean izango dira eskuragarri: https://www.ela.eus/eu/kongresua