Madril eta Gasteizen hartu diren erabakiek betiko eskuinaren politikaren ondorio dira

2010/05/27
Eskuineko politika nagusitu da berriro Madrilen, eta Gasteizko Gobernuak are erabaki okerragoak hartu ditu

ESKUINEKO POLITIKA NAGUSITU DA BERRIRO MADRILEN

ELAren ustez oso albiste txarra izan da Errege Lege Dekretua Madrilen berretsi izana. Dekretuak aukera bat egin du, krisiaren ondorioak inolako ardurarik izan ez dutenei leporatzea. Horixe eskatu zuten banketxeek, eta hala bete dute agindua.

GASTEIZKO GOBERNUAK ARE ERABAKI OKERRAGOAK HARTU DITU

Lopez lehendakariak azaldu duenez, Madrilek agindutakoa betetzeaz gainera euskal administrazioan enplegu ugari deuseztatzeko asmoa du (langile gutxiago kontratatuko du, ordezkapen gutxiago eginez eta lanpostuak amortizatuz...). Maiatzaren 25eko greba deitu genuenean esan genuen neurriok enpleguan eragin larria izango zuela. Horra froga.

ELArentzat lehendakariaren erabaki hau onartu ezinekoa da. Jaurlaritzak hartu duen bidea arriskutsua da, eta beste batzuk gauza bera egitea nahi luke; noski, bide horretatik joz gero argi dago enpleguak ez dituela inondik ere kezkatzen. Ez Lehendakariak, ez diputatu nagusiek, zerga-politika zoro batean atzera egiteko borondaterik ez dute. Duela gutxi esan du Mendia bozeramaleak “zerga-politika ukitu baino lehenago beste gauza asko taxutu behar dira”. 

ELAk argi ikusten du politika antisozial nabarmen hau botere ekonomikoek eskatu dutela, hain zuzen krisia eragin dutenek. Gobernuen politika erabat haien zerbitzura jarri da.

Lehendakariak parlamentu-egoitzan egin duen aldebakarreko iragarpenarekin gobernuak eta sindikatuek sinatu zituzten hitzarmenarenak egin du. Hala uste du ELAk. Errege Lege Dekretuari lehendakariak beste zerbait gehitu dio, enplegu publikoa deuseztatzeko erabakia. 


Erabat jarrera hipokrita da “elkartasuna adierazi” eta “bat egiteko” deiak luzatzea, nork eta pairatzen dugun zerga-politika injustua tabu bilakatu duten arduradun politiko horiek. Datu bakar bat aipatzearren, lehendakariak dio soldatak jaitsita 87 milioi euro aurreztuko direla; aldiz, zerga-presioa Europako Batasuneko batezbestekoaren parekoa balitz, 5.300 milioi euro gehiago bilduko lukete ogasunek. Zenbakiak argigarriak dira. 

Zerga-politika baita ezkutatu nahi den funtsezko eta ezinbesteko eztabaidagaia. ELArentzat lehentasuna eman behar zaio, eta berehala. 

ELAk salaketari eta mobilizazioari eutsiko dio; langile-klasearen interesen aldeko politika sozial eta laboralak behar dira.