ELArentzat onargaitza litzateke gutxiengoan sinatutako akordio bat Gipuzkoako erresidentzietan

2022/07/22
ELAk beste proposamen bat aurkeztuko du datorren asteartean, uztailaren 26an, egingo den negoziazio mahaiara. Langileek salatu dute genero arrakala ere badagoela feminizatutako eta ez feminizatutako sektoreetako negoziazioetan

Datorren asteartean, uztailaren 26an, Gipuzkoako zahar egoitzetako langile guztientzat aplikazio orokorreko hitzarmen on bat ahalbidetuko duen beste proposamen bat jarri du ELAk mahai gainean. Izan ere, pasa den ostiralean patronalek aurkeztutakoa oso eskasa izan zen.

Gogoratu dezagun, 262 greba egun eta aurrerapausorik gabeko lau urteko gatazka ondoren, sektoreko 4 patronaletatik 3k proposamen bat aurkeztu zutela bileran. Formari dagokionez, oso kritikoa da ELA: greba egun batean egin zen deialdia, langileekiko errespeturik gabe, idatzizko proposamenik gabe, berarekin kontatu ez zelako babestu ez zuen patronal batekin eta aplikatzen den hitzarmenaren oinarriei buruzko ideia argirik gabe. Edukiei dagokionez, beste hainbeste: ez du jasotzen inolako proposamenik 2022. urte aurreko urteen inguruan (aplikazio orokorreko azken hitzarmenaren indarraldia 2016an amaitu zen); ez du bermatzen KPIa 2023 eta 2024 urteetan; antzinatasuna edo atsedenaldiei begira, esaterako, egun egoitza askotan dagoena baino eskaintza okerragoak egiten zituen; eta ez du inolako hobekuntzarik aurreikusten lanaldi partzialeko kontratazioan, sektorean gaitz handia izanik.

Bestalde, grebalariak baldintzatu eta xantaia egin nahi zaie, ELAk sinatu edo ez, horren arabera proposamenarenaren edukiak desberdinak izango baitira. Onartezina da patronalek proposamenak gutxiengoan sinatzeko aukera planteatu izana. Argi dago patronalak prest daudela gehiengo sindikal demokratikoari bizkar emateko, lau urtez borrokan ari diren langileak errespetatu gabe.

Horren aurrean, ELAk proposamena aho batez arbuiatzen du eta Aldundiari, patronalei eta gainerako sindikatuei eskatu die ez dezatela berriro iraganeko akatsik egin, hala nola, sektoreko gatazka eta prekarietatea iraunarazten duten gutxiengo sinadurarekin bide ematea balizko hitzarmen bati.

Gainera, grebalariek adierazi dute “harriduraz” ikusten dutela nola Gipuzkoako zenbait sektore pribatuan soldata igoerak dituzten sektoreko hitzarmenak sinatzen lortzen ari diren, negoziazioari esker. Hala nola, eraikuntzan, papergintzan, ostatugintzan. Eta, aldiz, finantzaketa publikoz hornitutako zahar egoitzen sektorean ez dago ezta negoziazio errealik ere. Garbi dago feminizatutako sektoreekin dagoen negoziazioan ere genero arrakala izugarria dela. Horren adibide da Aldunia ez dela ezta langileekin biltzen ere, arrakala hori betikotuz.

ELAk garbi adierazi nahi du gatazkaren konponbidearen parte dela, sektoreko gehiengoa izanik, eta datorren asteartean beste proposamen bat egingo du, borondate horren lekuko. Horregatik, sindikatuak ez du onartuko gutxiengoan bide eman ahal zaion proposamenik. Langileen gehiengoa kontuan izango duen akordioa behar du sektoreak.