ELArentzat oso larria da Euskal Herriko eta Kataluniako militante independentistak legez kanpo zelatatu izana

2022/04/19
ELAren ustez, oso larria da Citizen Labek atzo argitaratutako informazioa. Horren arabera, Espainiako inteligentzia zerbitzuek legez kanpo zelatatu dituzte Kataluniako eta Euskal Herriko hautetsi eta militante independentisten telefono mugikorrak, 2017 eta 2020 artean, gutxienez.

Sindikatuarentzat onartezina da gizarte zibileko ordezkari politikoak eta militanteak espioitza prozeduren pean jartzea, demokrazian krimenaren aurkako borrokarako hertsiki mugatua egon behar baitute halakoek, berme judizialekin. Praktika horrek estatu espainiarraren sustrai ez demokratikoak erakusten ditu, eta defizit hori ez da zuzentzen indar aurrerakoiak gobernu posizioetara iristen direnean, gaur egun gertatzen denez.

Sanchezen gobernuak Parlamentuan agertu behar du salaketaren edukiari buruzko kontuak emateko; erantzukizun politikoak argitu behar ditu, eta justiziari jakinarazi behar dizkio orwelliar kutsuko praktika horiei buruz dituen xehetasunak. Azaldutakoak agerian uzten du oso egoera zaurgarria dela militanteentzat eta gizarte zibileko erakundeentzat, ELA kasu, oinarrizko askatasunak eta eskubideak bermatzen dituzten esparruak betetzeko behar dutenentzat.