ELAtik gure sostengua eta elkartasuna agertzen diegu gure lankide hilaren senideei eta lagunei

2016/06/15
ELAtik jendaurrean salatzen dugu 47 urteko gure lankide eta afiliatu baten heriotza. Zallan bizi zen, eta EMICA BOMBAS enpresan lan egin, Abantoko Campillo industrialdean. Langilea ponpa hidrauliko bati kalitate-proba egiten ari zela, oraindik jakiterik ez ditugun arrazoiengatik ponpa lehertu eta pieza batek buruan jo du bertan hilda utziz.

Gaur gertatu den lan-istripu hilgarri horrek are gehiago luzatu du langile hilen zerrenda beltza bezain luzea. Zehazki Hego Euskal Herrian aurten 24 lankide hil dira lan-istripuz, haietatik 17 Bizkaian.

Batez ere ELAtik gure sostengua eta elkartasuna agertzen diegu gure lankide hilaren senideei eta lagunei, baina aldi berean gure ondoeza ere plazaratu nahi dugu azken aldietan langileek jasan behar izan duten istripu-tasa handiagatik, estatistika ofizialetan jasotzen dena baino altuagoa baita. Gogoratu beharrekoa da horrelako istripuak prebentzio-neurrien ezagatik gertatu ohi direla, ekoizpena prebentzioaren aurretik jartzen baita, lan-baldintzen prekarizazioaren eta etengabeko murrizketen ondorioz.

Horregatik tinko eskatzen diegu herri-erakundeei lan-segurtasun eta osasunaren aldeko neurriak sustatzeko eta hobetzeko, eta prebenzio-arloko arauak betearazteko; gaurkoa bezalako istripuak sekulan errepika ez daitezen. Gainera, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatzen diegu gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizunak zehazteko.

Langileek lanuzteak egingo dituzte gaurtik ostiralera arte, dolumina adierazteko.

Azkenik, lan-prekarietatea lantokietatik ezabatzeko borrokan gure konpromisoa berresten dugu, eta horren haritik dei egiten diogu gizarte osoari protesta-elkarretaratzerekin bat egin eta joatera. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuon deialdiz egingo da elkarretaratzea bihar, ostegunez, ekainak 16, goizeko 11:00etan, EMICA BOMBAS enpresaren aurrean.