Elikadura osasuntsua eta prezioan kontrolaren alde egin du Karta Sozialak

Zentzu horretan, gaurkoan 10 euroko oinarrizko saskia osatu dute sasoiko barazkiekin (%35), esnekiekin (%25), ogiarekin (%20) eta arrautzekin (%20). Saski honekin, egun baterako bi pertsonentzat oinarrizko elikagaiak bermatzen saiatu dira; aldi berean, tokiko ekoizpenari lehentasuna eman diote.
“Kalitatezko elikagaiak osasuntsuak direla bermatzeko modurik onena baserritarrekin zuzeneko harremana izatea eta tokiko komertzioetan kontsumitzea da. Era berean, prezio egokiena bermatuko dute. Ez da pobreziari aurre egiteko tresna bat, baizik eta kapitalaren interesei alternatiba egoki eta osasuntsu bat garatzeko modua”, azaldu dute.
Baserritarren kolektiboak eta langile kolektiboak elkarren eskutik abiatu behar dutela nabarmendu dute.
“Baserritarrak eta langile klasea txalupa berean gaude arraunean; pobreziari STOP, elikatu baserritik”, nabarmendu dute.