KPI
Elikagaien BEZa murriztu arren, prezioak %16,6 handitu dira otsailean

Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioa duela urtebete baino %16,6 handiagoa izan da otsailean. Gogora dezagun Sanchezen gobernuak oinarrizko elikagai batzuei (ogia, esnea, gaztak, arrautzak, fruta, barazkiak, lekaleak, eta abar) BEZa kendu ziela, %4tik 0ra. EINek emandako otsaileko datuen arabera, elikagai horien prezioak abenduko prezioen gainetik daude. Horrek esan nahi du, BEZaren murrizketak ez duela inolako eraginik izan eta supermerkatuek BEZaren tarte hori bereganatu dutela. Prezioen igoeren adibide dira honako hauek: azukrea %32 garestitu da, esnea %33, oliba olioa %34, arrautzak %28, arroza %21, ogia %13 eta hegazti haragia %14.
Azpimarratzekoa da azpiko inflazioak etengabe handitzen jarraitzen duela eta %7,6n kokatu da dagoeneko; KPIren urte arteko tasaren gainetik finkatu da. Azpiko inflazioak elementu aldakorrenak (elikagaiak edo energia) kanpo uzten ditu, eta horien etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen handitzea produktuen eta zerbitzuen salneurrira eramaten ari direla.
Horri gehitu behar zaio interes tasen igoerak hipoteken prezioan dituen ondorioak. Euriborra ia %4ko langara heldu da jada. Ondorioz, batez besteko hipoteka aldakorra urtean 3.600 eurotik gora garestitzea aurreikusten da, eta gaur egun sinatzen diren hipoteka finkoak ere garestitu egingo dira. Gainera, aipatu behar da Estatuan dauden bankuek dirua bankuan gordetzeagatik eskaintzen dituzten interesak Europako txikienak direla.
Beraz, argi dago kapitalaren beste ofentsiba baten aurrean gaudela. Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko, eta bitartean, langile klasea pobretzen ari da, batez ere bere errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duten familiek. Horretaz gain, aipatu behar da soldatak KPIaren arabera eguneratu gabe jarraitzen dutela, eta erosteko ahalmenaren galera gero eta handiagoa da.