Elizondoko Benito Menniko langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean lan hitzarmenaren alde

2022/06/01
Elizondoko Benito Menniko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Gobernuaren Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren egoitzaren aurrean, langileen aurkako egoera eta enpresako zuzendaritzak negoziazioa blokeatu izana salatzeko. Beste aldetik, datorren ostiralean, ekainaren 3an, manifestazioa egingo dute Elizondon 18:00etatik aurrera bere egoera salatzeko, duten arazoak gizarteratzeko eta bailarako herritarren babesa bilatzeko Baztango lantokirik handiena defendatzeko.

Administrazioari bere betebeharrei muzin ez egiteko eskatu diote, Benito Mennirekin hitzartuta dagoen zerbitzuaren titularra baita, eta Elizondon ematen den zerbitzua eta lan baldintzak hobetzeko baliabide nahikoak ematen baititu.

ELAren ustez, Onartezina da enpresaren jokabidea, bere helburu bakarra etekin kuotari eustea baita, plantillaren lan baldintzen kontura. Emakume aurpegia duen plantilla da, kolektibo prekarizatu asko bezala.
Sindikatuaren eskaerak hauexek dira: 18200 €/ urteko gutxieneko soldata bermatua eta soldata igoerak; genero arrakala eta gainerako zaintza sektorearekiko arrakala minimizatzeko; lanaldi murrizketa esanguratsua (gaur egun urtean 100 ordu baino gehiago gaude asteko 35 orduen gainetik); arrisku-plusa ezartzea; bajak osatzeko; azterketa bat egiteko lan kargak; uztartze-neurriak; sexu jazarpenaren protokoloa, etab.

Kontuan izan behar da langile hauek osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pazienteekin lan egiten ari direla zentro batean. Horietako batzuen profila oso bestelakoa da duela urte batzuetakoen aldean, eta erasoak areagotu egin dira kopuruan eta larritasunean, eta langileak babesik gabe sentitzen dira. Enpresak ez du inolako neurririk hartzen etengabe jasaten dituzten erasoak gutxitzeko edo saihesteko.

Azkenik Elizondoko Benito Menniko plantillak adierazi du borrokatzen jarraituko dutela hitzarmen kolektiboa lortu arte, langile prekarioak izateari uzteko, zerbitzu hobea emateko eta osasuna eta bizitza bermatzeko ospital honetan.