ARRANTZA IKUSKATZAILEAK

Elkarretaratzea egin dute BECen aurrean, World Maritime Week dela eta

2025/03/19
Ikuskatzaileek greba mugagabearen hirugarren astea hasi dute, lan baldintzak hobetzea eskatzeko.

EAEko arrantza ikuskatzaileek protesta egin dute Bilbao Exhibition Centre-ren atarian, Barakaldon (Bizkaia), World Maritime Week-en hasiera dela eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertan izan direlako. Ikuskatzaileek greba mugagabe hasi zuten  martxoaren 3an, ELAk eta CCOOk deituta. Erabateko jarraipena du grebak EAEn eta % 60koa estatu mailan. ELAk salatu du Estatuko Administrazio Orokorrak uko egiten diola negoziatzeari. Greba egiteko arrazoiak hauek dira:

Espainiako Gobernuak uko egiten dio disponibilitate eta ordutegi bereziak aitortzeari; 24 orduz eta urteko egun guztietan dute prestasuna, eguneko edozein unetan, baina baldintza hori ez dago aitortuta eta konpentsatuta soldatetan. Hori "bidegabekeria" da ezaugarri berezi horiek formalki aitortuta dituzten beste funtzionario askorekiko, ELAk kritikatu duenez.

Bestalde, ordutegien baldintza bereziak onartu ez direnez (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak ezarritakoak), ELAk azaldu du ikuskapenak ez direla eraginkorrak. Era berean, ez dira lortzen Espainiako, Europako eta nazioarteko erakundeek ezarritako helburuak. Horrek, gainera, “diru publikoa xahutzea” dakar; izan ere, ikuskatzaileak askotan programatzen dira arrantza jarduerarik ez dagoen ordutegietan, eta ez daude kontrol premia handieneko uneetan.

ELAk gogorarazi du negoziazioek aurrera egiten ez dutenez eta greba mugagabeak bere horretan jarraitzen duenez, ez direla behar bezala kontrolatzen hasi berri diren antxoaren eta berdelaren kanpainak. Era berean, ez dira betetzen ari Europako erakundeek ezarritako ikuskapen minimoak, eta atzerapenak sortzen ari dira Atun Gorriko gizentze industriaren merkataritza jardueretan. Sindikatuak ohartarazi du, egoera konpondu ezean, industria horretarako aurreikusten den Itsas Balfegó proiektu pilotuak eragina izan dezakeela.

Gainera, sektoreak laneko arriskuen ebaluazio eta prestakuntza osoa eskatzen du, kontuan hartuta arrisku handieneko Administrazioko kolektiboetako bat dela.

ELAk greba mugagabearekin eta mobilizazioekin jarraituko du, pausoak eman eta akordioa lortu arte.