Euskara
Elkarretaratzea egin dute Berbotsek, ELAk eta LABek Erandioko udaltzain izateko hizkuntza eskakizunen sententziaren aurka

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde egin zuten elkarretaratzea Berbots Erandion Euskaraz elkarteak, ELAk eta LABek, maiatzaren 5ean. 2007an, Erandioko udaltzainen plantillan baziren hamabi lanpostu hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun barik. Kontutan hartuta udaltzainen lana jendaurrekoa dela, euskara eskakizuna derrigorrezkoa duten lanpostuak gehitzen joan da Udala. Udaltzain interino batek, baina, ez zuen bete lanpostuari ezarritako hizkuntza eskakizuna eta, ondorioz, epaileak erabaki du lanpostu horri hizkuntza eskakizuna kendu behar zaiola.
Kontsolidazioa eta euskara
Behin-behineko langileak kontsolidatzea eta herritarrekin harremana izan behar duten lanpostuetarako euskara eskakizuna bermatzea da sindikatuek nahi dutena. Erandioko Udalean euskaraz lan egin eta aritzeko zailtasun asko daude oraindik eta, horregatik, EAEko instituzioei eskatzen diote oinarri juridiko sendoagoak lantzeko euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
ELAk, LABek eta Kontseiluak, EAEko administrazio publikoa euskalduntzeari hamabost urteko epea jarri zioten eta helburua atzeratu behar ez dela adierazi dute.