Nafarroako Administrazioa

Elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren eta LABen artean adostutako dekretuak behin-behinekotasuna betikotzen duela salatzeko

2025/05/08
ELA, Afapna, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Administrazioaren behin-behinekotasun handia salatzeko eta Gobernuak LABekin adostutako Foru Lege Dekretua gaitzesteko. Onartutako dekretu horrek, behin-behinekotasuna jeitsi beharrean, eszedentziei eta lekualdatzei dagokionez eskubideak murrizten ditu.

Hilabete ere ez da igaro Mahai Orokorreko bost sindikatuek Nafarroako administrazio guztietan greba eguna deitu zutenetik. Besteak beste, behin-behinekotasuna nabarmen murriztea aldarrikatzen zen. Alabaina, Gobernuak, murriztu beharrean, lege-dekretu bat onartu du, "behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa", soilik lege-tresna izan dena behin-behinekotasunarekin zerikusirik ez duten gaiak aldatzeko.

Zehazki, Dekretu hau aplikatzearen ondorioz, borondatezko eszedentzien bi kasu ezabatzen dira, eta beste kasu batzuetan lanpostua hartzen denetik gutxienez bi urteko iraupena eskatuko da borondatezko eszedentziak hartzeko. Era berean, lekualdatze-lehiaketetan, deialdiaren xede den lanpostuan izandako antzinatasuna bakarrik baloratuko da, orain arte administrazio publikoetan emandako zerbitzuen aldean, eta, hala badagokio, hizkuntzak, baina langileek egindako formakuntzak kanpoan geratuko dira.

Horregatik guztiagatik, Afapna, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Administrazioan behin-behinekotasuna benetan murriztuko duten neurriak onartzeko eskatu diote Gobernuari, horrek Administrazioko langileengan eragin negatiborik izan gabe. Era berean, LAB Gobernuaren alde agertzea deitoratu dute, eta apirilaren 9an grebara eraman zituzten edukiak defendatzen jarraituko dutela iragarri dute.