Arabako Esku-hartze Soziala

Elkarretaratzea egin dute sindikatuek Aldundiaren aurrean negoziazioaren blokeoa salatzeko

2023/03/01
Langile eta enpresen arteko hitzarmena blokeatu egin du Arabako Foru Aldundiak. Akordioa argitaratu eta ofizial egiteko, Aldundiak berak alde bakarrez idatzitako puntu bat sartzea exijitzen du. Bidegabekeria salatzeko, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGTk elkarretaratzea egin dute Foru Gobernuaren eraikinaren aurrean, eta greba egun gehiago deitu dituzte.

 

Arabako Esku-hartze Sozialean aurreakordio ekonomikoa lortu zuten 2022ko udan eta aurtengo urtarrilaren 18an sinatu zuten ofizialki. 35 bilera baino gehiago behar izan zituzten horretarako. Orain, Foru Aldundiak blokeatu egin du hitzarmenaren argitalpena, baldin eta Aldundiak berak, alde bakarrez, idatzitako xedapen gehigarri bat sartzen ez badute.

Xedapen gehigarri horretan, Aldundiak 2021eko, 2022ko eta 2023ko soldata atzerapenak esleipen berriei lotzea planteatzen du, eta horiek uztailean, abuztuan edo irailean egin ahal izatea. Horretarako, hamar kontratu lizitatu beharko ditu Aldundiak, aurrekontuak handitzeko. Ulergaitza da hori 2022ko aurreakordioan esan ez izana. Sindikatuak kexu dira Aldundiak eta enpresek negoziazioa beren interesen arabera luzatu nahi dutela ematen duelako.

Sindikatuen proposamena

Egoera desblokeatzeko, sindikatuek eskatu zuten Aldundiarekin kontratuak dituzten hamar enpresek (Aisa patronalaren parte diren bost eta parte ez diren beste bost) dokumentu bat sinatu zezatela. Horren arabera, aurreko urteetako atzerapenak erregularizatzeko konpromisoa hartzen zuten enpresek, hitzarmena argitaratu eta hilabetera, gehienez jota. Hamar enpresetatik zortzik sinatu egin dute dokumentua dagoeneko; bi negoziazio mahai bertan behera geratu dira sinadura horiek ez izateagatik.

Aldundiaren trabak

Sindikatuentzat onartezina da Aldundia negoziazioetan sartu izana, inplikatuta ez dagoenean. Bai eta era zilegian lortutako akordioak blokeatzeko eskubidea izatea Foru Gobernuak.

Horregatik, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGTk esan dute mobilizazioekin jarraituko dutela eta greba egun gehiago deitu dituzte: martxoaren 15, 16, 21, 22 eta 23an.

Egoera konpondu ezean, greba mugagabea hasteko prest daudela adierazi dute ere bai.