BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA
Elkarretaratzea egin dute zainketen balioa aitortu eta lan baldintzak hobetzeko hitzarmena lortzeko

Bizkaiko Gizarte Esku hartzearen sektoreko langileek beste kontzentrazio bat egin dute Euskalduna Jauregiaren aurrean, maiatzean egindako mobilizazioen ondoren, sektoreko patronal nagusiak (Gizardatz) bere 20. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin duelako.
“Profesionales de lo social borrokan, ikusezina defenda dezagun” lelopean, zaintzak prekarizatzeko politika salatu dute. Langileek duela urte eta erdi baino gehiagotik dute berritu gabe hitzarmena, ratioak ez dira nahikoak, gabezia larriak dituzte lan osasunaren arloan, egutegi jasangaitzak dituzte eta bajak ez dira lehen egunetik ordezten, besteak beste.
Patronalek negoziazio mahaian duten jarrera onartezina da, negoziazioan aurrera egitea blokeatzen baitute. Bestalde, langileek erantzukizuna beren gain hartzeko, zainketen balioa aitortzeko eta sektoreak eskatzen dituen beharrei erantzuteko eskatzen diete erakunde publikoei.