Elkarretaratzea Sestaon, Metro Bilbaon langile baten aurkako sexu erasoa salatzeko

2022/02/11
ELAk bat egin du euskal gehiengo sindikalak gaur, otsailak 11, 12:30ean Sestaoko Kasko Plazan deitutako elkarretaratzearekin, otsailaren 6an Metro Bilbaon gertatutako sexu-erasoa salatzeko. Bertan batu diren sindikatu guztiek lantokietan zein horietatik kanpo gertatzen diren indarkeria matxistaren adierazpen guztiak salatu dituzte.

Azken erasoa aurreko astean gertatu zen. Otsailaren 6an, 23:00etan, Bilboko metroak azpikontratatutako enpresa bateko garbitzaile batek sexu eraso bati aurre egin behar izan zion. Albistea hurrengo egunean zabaldu zen hedabideetan, eta salaketa bat jarri zen arlo penalean.

ELAk gogorarazi du metro Bilbaoko langileek babesgabetasun egoerak jasan behar dituztela. Sindikatuak salatu du geltokietan gaueko txandetan argiztapenik ez dagoela, eta horietan ez dagoela segurtasunik.

Ildo beretik, oraindik ere lantokiak eta espazio publikoak arriskutsuak direla gogorarazi du. Gauzak horrela, prebentzio neurri eta baliabide gehiago exijitu dituzte sindikatuek.

Ildo horretan, zuzenean eskatu diete erantzukizun-katean ardura duten alderdiei orain arte egindako jardueren berri eman dezaten, eta etorkizunari begira horrelako egoerak nola desagerrarazi azal dezaten.