Lan heriotza

Elkarretaratzea Olaztiko Cementos Portlanden, 32 urteko langilearen heriotza salatzeko

2024/02/16
Olaztiko (Nafarroa) Cementos Portland Valderribas enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, atzo bertan tobera baten ikatzak harrapatuta hil zen 32 urteko gazte altsasuarraren heriotza salatzeko, eta bere gertukoei elkartasuna adierazteko.

Urte eta erdian enpresa honetan hiltzen den bigarren langilea da; izan ere, 2022ko irailean 55 urteko Olaztiar bat hil zen bertan, orga jasotzaile batek harrapatuta. Urtea hasi zenetik 15 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik sei Nafarroan.

Lurralde horretan, bereziki larria da lan ezbeharren egoera, astero pertsona bat hiltzen baita bere lanpostuan, eta egunero 70 pertsona baino gehiagok pairatzen baitute lan istripu bat. Lan gaixotasunei erreparatuz gero are okerragoa da egoera, izan ere, amiantoak eragindako hainbat biktima ezagunak diren arren, estatistika ofizialek ez dute gisa horretako heriotza bakar bat ere jasotzen.

Egoera horren erantzule nagusiak enpresariak eta Nafarroako Gobernua dira. Lehenek etekin ekonomikoa lehenesten dute langileen segurtasunaren gainetik, prebentzio araudia bete gabe utzirik, inpunitate osoz. Ondorioz, lan istripu hilgarri eta larrien erdiak segurtasun neurri egokien gabeziagatik gertatzen dira. Bien bitartean, Gobernuak uko egiten dio ez-betetze horien kontrol egokirako gutxieneko bitartekoak ezartzeari, lan osasun politiketara bideratutako diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkorrean xahutzen jarraitzen duen bitartean.

Gauzak horrela, patronalaren zigorgabetasunarekin eta erakunde publikoen konplizitatearekin amaitzea eskatzen du ELAk, eta horretarako, NOPLOIri zehapen gaitasuna ematea eta erabat kolapsatutako lan ikuskaritzaren plantilla hirukoiztea eskatzen du, Nafarroako lantokietan ematen diren segurtasun-baldintzak zorrotz kontrolatu ahal izateko