Osakidetza
Elkarretaratzeak egin ditu gehiengo sindikalak, Lehen Arretaren desegitea salatzeko

ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT-k deituta, Olagibeleko (Gasteiz), Eibarko eta Kabiezesko (Santurtzi) osasun zentroetan egin dituzte elkarretaratzeak.
ELAk eta gainontzeko sindikatuek, Osasuneko Mahai Sektorialaren blokeoa salatu dute askotan. Sagardui Sailburuaren taldeak, alde bakarrez hartutako erabakiak aurrera eraman nahi ditu, sindikatuen iritzia jakin gabe. Sagardui Sailburuak aukera galdu du egoera bideratzeko eta irekita dauden gatazkak ixteko, sistema indartzeko eta osasun publikoaren arazoak konpontzeko, modu duinean lan eginez kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
Egoera horren aurrean, greba deitu zuten sindikatuek maiatzaren 18 eta 19rako, hurrengo eskakizunekin:
- 1. 18-19 EPEaren ebazpena, 2020-21-22 EPEko azterketak egin aurretik. Azken honetan, lehiaketa-fasearen ebazpena, oposizio-lehiaketaren aurretik.
- 2. Hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzeko giza baliabideen eta baliabide materialen hornidura: kontratazio-zerrendak, eskaintza telematikoa, lekualdatze-lehiaketa, etab.
- 3. Urtebetetik gorako behin-behineko izendapen guztiei kodea ematea; eta plangintza zehatza eta egutegikoa, behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko.
- 4. 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta jasotzen ez duten langileei % 4ko osagarria ordaintzea.
- 5. Lan-baldintzak eta hauteskunde-eremuak arautzen dituen akordio berri bat berehala negoziatzea.
- 6. 2022. urterako karrera profesionalaren berehalako deialdia; eta Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea, kategoria guztien berezitasunak kontuan hartuko dituen ebaluazio-eredu berri bat negoziatuz.
- 7. Lehen mailako arretan egindako inbertsioa handitzea, ratio duinekin kategoria guztietarako, eta hori guztia kalitatezko arreta presentziala bermatzeko.
- 8. Ordainsari-osagarriak berrikustea eta eguneratzea asistentzia-eremu guztietan: sakabanatze geografikoa, produktibitatea, guardiak, etab.
- 9. Lanaldiari egokitutako karteldegiak, familia-kontziliazioa sustatuz eta bermatuz, alde bakarreko aldaketarik gabe.