Elkarretaratzeak Hiper Eroskien aurrean

2007/02/09
Tuterako Eroskiko langileei elkartasuna adieraztea. Hori izan da ELAk otsailaren 9an Eroskik Euskal Herrian dituen Hiper gehienen aurrean burutu dituen kontzentrazioen helburua. ELA-Zerbitzuak federazioak kanpainia bat martxan jarri du Erosiko langileen lan baldintzak salatzeko. "Eroskiko zuzendaritzak ez du Tuterako egoitzetako langileen lan baldintzak konpontzeko borondaterik", salatu du ELA-Zerbitzuak. Tuterako Eroskiko langileek hainbat hilabete daramatzate greban lan baldintza duinen alde. Kontzentrazioa ere Mondragon Taldearen egoitza nagusiaren aurrean izan da.

ELA-Zerbitzuak federazioko idazkari nagusi Unai Martinezek Eroskiren jarrera salatu du. "Eroski enpresa ‘eredugarria’ da. Bi aurpegi ditu, ordea: batetik, Arrasate eta inguruetan itxura ‘jatorra’ eman nahi du, baina bestetik, txapelokerra jantzi eta bere asmoa inposatu nahi die Tuterako langileei, hauek orain arte izan dituzten lan-baldintzei uko egitea".

Eroskik 2006an Estatu espainiarreko supermerkatuetarako hitzarmen kolektibo bat sinatu zuen FETICO, UGT eta CCOO sindikatuekin. Eroskiren helburua bere zerbitzutan dauden langile guztien baldintzak “berdintzea” zen, baina oinarritzat Tuterako langileek zeuzkaten baldintzak baino askoz eskasagoak hartu zituen. Eroskik negoziazio esparru hori nonahi ezarri nahi du, baita Euskal Herrian ere.

"Langileek jasango duten kaltea begibistakoa da: atsedenerako eskubidea galtzen dute; lanordu gehiago; baja egoeran aitortutako eskubideak ukatzen dizkiete; soldatak apalagoak dira, etab. Hori ikusirik, grebari ekin zioten. Eroskik edozein enpresa multinazionalen moduan jokatzen du: langileen eskubideak trabatzat hartzen ditu eta murriztu egin nahi ditu; Euskal Herriko zentroetan negoziatzeko eskubidea ukatu egiten du. Estatu mailako sindikatuen ahulezia baliatzen du, sasi-ordezkaritza sindikalak aurrean dituela, eta lotsarik gabe ari da gezurretan eta manipulatzen: Greban dauden langileei arrazoi “politikoak” dituztela aurpegiratzen die", gaineratu du Martinezek.

Azkenik Eroskiren jarrera salatu du. "Honetaraxe ailegatu da Eroskiren eta beronen talde kooperatiboaren izpiritu kooperatibista. Lotsagarria da. ELAk Eroskiri gauza bat exigitzen dio: bere langile guztien eskubideak eta negoziatzeko ahalmena aintzat har dístala".