Elkarretaratzeak Osakidetzako lantokietan, negoziazioa eskatu eta osasun publikoa defendatzeko

2022/12/22
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, langileak ospitale eta osasun zentroen atarietan bildu dira. Mahai Sektorialeko blokeoa eta Osakidetzako arazo larriak salatu dituzte eta, gauzak aldatu ezean, Gabon ostean mobilizazioekin jarraituko dutela esan dute.

EAEko ospitale guztietan goizeko 11:00etan eta Lehen Mailako Arretako zentro denetan 13:00etan izan dira gaurko elkarretaratzeak, aspalditik datorren egoera konpontzeko asmoz. Besteak beste, hurrengoak dira Osakidetzan ematen ari diren eta onartu ezinak diren zenbait arazo: Langileen %50ak behin-behineko kontratua du; plantillaren erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan; Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute...

Ez aurrera, ez atzera

Hainbat ekintza egin dituzte sindikatuek blokeo egoerari irtenbidea emateko, eta Sagardui eta bere taldeari berba egiteko gonbitea luzatu diote behin baino gehiagotan. Baina Zuzendaritzak argi utzi du elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren bidean aurrera egiteko intentzioa.

Errealitate horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikekin jarraitzea, gaur egin duten bezala.