ELKARRIZKETA: Leire Txakartegi, hizkuntz normalizazio planaren arduraduna

2003/10/02

ELAk uda honetan euskara normalizatzeko plan bati ekin dio. Plana kudeatuko duen batzordeko arduraduna den Leire Txakartegik gogoratzen duen legez, euskararekiko kezka ez da berria ELAn, baina dagoeneko hizkuntzaren diagnostikoa egin duen plan honek helburu eta irizpide zehatzen arabera lan egiteko aukera emango du, hots. emaitzak zenbateraino betetzen diren neurtzeko bidea irekiko du.

-Zer da normalkuntza plana? Zergatik ekin zaio? -Plan honekin epe ertainera, hemendik urte batzutara, ELAren bizitzan -bai barneko harremanetan, bai kanpokoetan- euskararen erabilera ohikoa eta normala izatea lortu nahi dugu. Eta hori ez da soilik arduradunak euskalduntzea; hau oinarria da, baina hortik aparte euskara erabiltzeko aukerak eta mekanismo batzuk martxan jarri behar dira. Zergatik ekin diogun? X. Kongresuan ebazpen bat onartu zen, eta horren ondorioz hasi gara lanean.

BETIKO KONPROMISOAREN JARRAIPENA

-Bestalde, ez da gauza berria ere... -Euskal sindikatu abertzalea garen heinean, euskararekiko konpromisoa lehenagotik ere bagenuen. propagandan, prentsaurrekoetan, kongresu edo hitzaldietan euskararen presentziari garrantzia ematen diogu. Gainera, euskalduntzeko eskolak betidanik eman izan dira; liberatu eta langileak hartzerakoan euskaldun izatea aintzat hartzen dugu. (noski, ordezkariak enpresetatik hautatzerakoan irizpide hau ezin dugo beti zorrotz bete). Euskal gizartean euskararen alde izan diren ekimen edo kanpainetan ere parte hartu izan dugu (Korrika, Bai Euskarari kanpaina eta bere ondorengo Plan Estrategikoa, etab.). Orain, Artez etxeak gauzatuko duen planarekin hori guztia ordenatu egingo dugu, sindikatu guztira hedatu, helburu batzuk jarrita eta emaitzak neurtzeko modukoak izan daitezen.

-Nork hartuko du planaren ardura? -Bere jarraipena egin eta bultzatzeko euskara batzordea osatu dugu. Bestalde, Nazio Batzordeari proposamenak luzatuko dizkio, euskara eguneroko egiteko bidean nondik jo erabaki dezan. Batzordea osatzerakoan sindikatuko egitura desberdinetatik norbait egon zedin saiatu gara (eskualde baturak, federazioak, enpresa txiki eta ertainetako taldea, gabineteak, administrazioa...), eta herrialdeen arteko oreka bilatzeko ahalegina ere egin dugu.

DIAGNOSTIKOA

-Orain arte zer pauso egin dira planaren baitan? -Ekainetik hona, euskararen erabilpen eta ezagutza maila zehazteko Artezeko teknikariek banakako elkarrizketak egin dituzte sindikatuko liberatu guztiekin. Horrekin behin-behineko diagnostikoa lortu dugu (ELAren euskalduntze tasa %67,5ekoa da). Hau eskualdeka zehaztu beharko dugu, eta diagnostikoa aztertu.

-Gero zer dator? -Euskararen arautegia osatzea. Hor helburuak eta bitartekoak aipatzen dira, hots. sindikatuko liberatu bakoitzak duen mailaren arabera zein exijentzia maila izan behar duen. eta eskakizunen bat bete ezin duenari osatzeko zein epe eta baliabiderekin jokatuko dugun. Beste helburu batzuk ere aipatuko dira arautegian, hala nola barne-komunikazioak, errotulazioa, bilerak, etab.

-Zer harrera izan dute planaren lehen lanek? -Oso ona; jende gehienak esan du honelako zerbait beharrezkoa zela. Inkestetan hainbat iradokizun jaso ditugu, eta zenbaitek iritziak emateko eta prozesuan laguntzeko borondatea azaldu du.

-Planak euskalduntzeko eta alfabetatzeko eskolez gainera besterik izango al du kontutan? -Bai, ezagutza hobetzeaz gainera, daukagun arazoa erabilpenarena da. Eta hori bultzatzeko, jendea euskaraz hitz egitera animatzeko, hitzaldiak, kanpainak edo beste