Elkarrizketa Sozialaren dekretuak gehiengo sindikalen gainetik pasatu nahi du

2019/01/15
ELAren ustez Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa soziala erakundetzeko dekretua euskal demokrazia sindikala neutralizatzeko helburuarekin onartu du. Jaurlaritzak iragarri duenez, dekretuak dio Gobernua eta Confesbak “sindikatu bakar batekin”ados egonda, –bere ordezkaritza edozein izanik– nahikoa izanen da erabakiak balekoak izateko.

Argi dago erabakiak hartzeko modu honek ez duela arau demokratikoak errespetatzen (alde sindikalaren gehiengoak ezinbestekoa izan beharko luke). Urkulluren Gobernuari oztopoa egiten dio egungo gehiengo sindikalak, bere politika antisozialei ez dielako babesik ematen. Horregatik inposatzen du erabakiak hartzeko modu hau. Alta, ez die guztien adostasuna eskatzen alde enpresarialari ezta instituzionalari ere.

Gehiengo sindikalak ez errespetatzea beharrezkoa den Lan Harremanetarako eta Babes Sozialaren Euskal Esparruaren aurkako eraso zuzena da.

ELAk iritzi osoago bat emango du dekretuaren eduki osoa behin aztertuta.