Elkarrizketa sozialaren helburu bakarra argazkiak egitea da

2009/07/30
“Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO zein UGTk iragarri dituzten akordioak ezdeusak” direla salatu du ELAko politika sozialeko arduraduna den Mikel Novalek egin dituen adierazpenetan.

Lan-osasunari dagokionez, aurreko gobernuaren planari eusten diote sinatzaileek, inolako aldaketarik egin gabe. Enplegu-dosierretan, berriz, enpresen politika eta Jaurlaritzarena bere hortan geratzen dira; soil-soilik aurreko dekretua moldatu dute nolabait.

ELAren ustez, oporraldi aurretik argazkia egitea zen lehentasuna, zerbait egiten delako itxura emateko; baina benetan ez da krisiari aurre egiteko inongo erabakirik hartu, ez zergatiei, ez eraginei dagokienez. 

Mikel Novalek nabarmendu duenez, “egoera larrian gaude; enpresak milaka eta milaka langile kaleratzen ari dira; ugazabek xantaia egiten dute soldatak izozteko eta malgutasuna areagotzeko; Eusko Jaurlaritzak aurtengo eta datorren urteko bere gastua murriztu egingo dela aurreratu du; zerga-politikak aldatzeko asmorik ez dago...” Beraz, atzoko argazkian agertzen direnek ez dute ezer aldatzerik nahi. Bat datoz eta elkarri babesa ematen diote; ontzat ematen dute gertatzen ari dena.

Azkenik, Novalek gogorarazi du hedabideei begira egiten den politika honen alternatibarik badagoela. ELAk Lopez Lehendakariari hainbat proposamen luzatu dio politika publikoetan aldaketa sakona egite aldera. Jaurlaritzak ez du hau eztabaidatzeko gogorik; aitzitik, nahiago du galeriarako antzezpena egitea, oso mugatuta dagoen mahai baten inguruan. ELAk “elkarrizketa sozial” hau iruzurra dela salatuko du, eta beste bide batzuk jorratzea aldarrikatuko du aurrerantzean ere.