Elorrietak ugazaba eta administrazioek lan istripuetan duten ardura salatu du

2008/04/25
Mila pertsona baino gehiagok parte hartu du apirilaren 25an “Lan osasunaren eta segurtasunaren eguna ” dela-ta, ELAk Bilbon antolatutako ekintzetan. Goizeko 10etan Bilboko Ayala zineman ordezkarien batzarra ospatu da, Jose Elorrieta, Mikel Noval eta Janire Dominguez, idazkari nagusia, ikerketa arloko arduraduna eta lan osasunaren saileko kidearen hitzaldiekin.

Lan osasun eta segurtasunaren egoeraren inguruko irakurketa oso kritikoa egin du Elorrietak beste behin. "Gure irakurketa ez da aldatzen, zoritxarrez egoera ez delako aldatzen. Lan osasuna ekintza sindikalaren puntu garrantzitsuenetakoa da. Izan ere, bere ondorioak oso larriak dira; urtean zenbat langile zauritu edo hiltzen diren ikusi besterik ez dago". Lan ezbeharren kopurua oso handia da gurean; horregatik erantzukizunak bilatzearen beharra azpimarratzen du Elorrietak. "Batzuk esaten dute erantzukizuna guztiona dela, baina hori ez da horrela. Ez da egia denok garenik lan ezbeharren arduradunak; hori esatea inor ez dela errudun esatea bezalakoa da. Erantzule zuzenak daude, eta horiek enpresariak eta Administrazioa dira. Ezbehar kopuru handien arrazoien artean lan merkatuaren prekarietatea eta lan baldintzen egoera zehatzak daude: behin-behinekotasuna, azpi-kontratazioa... Enpresarien prebentzio politiken gabeziak nabarmendu behar dira ere. Eta Jaurlaritzaren erantzukizun publikoen utzikeria aipatu beharra dago ezinbestean".

Elorrietak laneko ezbeharren eta lan baldintzen arteko lotura estua nabarmendu du. Hori guztia laburbiltzeko lau datu eman ditu. "Aldi baterako kontratua duten lagunek lan istripu larri bat izateko ia hiru aldiz aukera gehiago dute kontratu mugagabea duten lagunak baino. Eraikuntzan lan egiten baduzu ere arriskua handiagoa da; sektore horretan sektore industrialean halako bi istripu gertatzen dira, eta zerbitzuen sektorean baina lau aldiz gehiago. Azpi-kontratazioa ere faktore garrantzitsua da. Heriotza dakarten istripuez eta istripu larriez mintzo garenean, ezbeharren %26,3 azpi-kontratazioa dagoen kasuetan izatean da. Gainera, ez dugu ahaztu behar 100 langile baina gutxiago dituzten enpresetan lan ezbehar larrien kopurua hirukoiztu egiten dela 500 langile baina gehiago dituzten enpresekin alderatuta".

Datu horiek plan zehaztu, zorrotz, sistematizatu eta integrala egiteko nahikoak direla uste du Elorrietak. Errealitatea, ordea, beste bide zeharo ezberdin batetik doala dio. "Arazoa ez da soilik gutxi egiten dela, ezer egiten ez dela ez esatearren; arazoa da gero eta gutxiago egiten dela".

Ez dago formaziorik, ez dago ikuskaritzarik

Langileen formazioa bezalako alor batean dauden gabezia eta hutsuneak salatu ditu. Horretarako Eraikuntzaren Aula Permanentearen kasua aipatu du. "Porrot handia izan da. Gero eta gutxiago dira bertan prestakuntza jasotzen duten langileak. 2006an  44 ikastaro antolatu ziren 492 langilerentzat; sektorean lanean ari diren langileen %1a baina gutxiago. 2007an are eta gutxiago izan ziren parte hartu zuten langileak: 28 ikastaro egin ziren 315 langilerentzat. Hau oso larria da sektore guztietan, baina bereziki eraikuntza bezalako sektore batean".

Ikuskaritza eza ere salatu du idazkari nagusiak bere hitzaldian. "Ikuskaritzaz mintzo garenean bi ezaugarri nabarmendu beharko genituzke: kopuruz txikiak dira eta kalitatez txarrak. Baina larriena dagoen informazio falta da: ustez inspekzioa egin arren gero horien emaitzarik ez dugu ezagutzen. Ez da aurkezten jarritako isunen inguruko daturik, ez eta isun horien zenbatekoa".

'Elkarrizketa sozialaren' trukua

Egoera jasangaitz hau 'elkarrizketa sozialarekin' legitimatu nahi da Osalanen. Ildo horretan Elorrietak gogor salatu zuen Osalanen jarduera. "Osalanen memoriak eta gestio planak egiten dira. 'Estrategikoak' deitzen zaizkien epe luzeagoko planak ere; egungoa 2007tik 2010era. Baina dena literatura da. Helburu, konpromiso, interbentzio metodo edo jarraipen gabeziak estaltzeko lan taldeak deitzen diotena sortzen dituzte. Hori ere truku zaharra da: lan taldeak sortzea ezertara ez konprometitzeko, ezer ez egiteko. Hori da elkarrizketa sozialaren espainiar eredua, baita ere lan ezbeharrei eta lan osasunari dagokionean ere. Hori da espainiar sindikalgintzan instalatuta dagoen eredua. Hau diru-iturri osagarri bat besterik ez da. Paradoxikoa izan daitekeen arren, patronalari eta hainbat sindikaturi bideratutako diru kopuru hauek handituz doaz, eta horretarako hamaika modu erabiltzen dituzte".

Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, egoera ezberdina dela gogorarazi zuen Elorrietak, gehiengo sindikalak 'elkarrizketa sozialaren' iruzurrean parte ez hartzea.

Elorrietaren hizaldia irakurri