Elorrietaren 32 urteko ibilbidea liburu batean

2009/11/25
Imanol Murua kazetariak idatziriko "Esan eta egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa" liburuaren aurkezpena egin zen Bilboko ELAko egoitzan. 32 urteko militantziak eta 20 urtetan Idazkaritza Nagusian egoteak eman dion ikuspegitik begirada eta hausnarketa sakon bezain bikaina islatzen du elkarrizketa moduan egituraturiko liburu eder honek

 “Badu zer kontatua, eta zer azaldua, idazkari nagusi egin dituen 20 urte horiei buruz. Zer azaldua, besteak beste, sindikatuak sakon-sakoneko aldaketak egin dituelako bera idazkari nagusi izan den bitartean. Gernikako Estatutuari baiezkoa ematetik, Estatutua hil egin dela aldarrikatu eta autodeterminazio eskubidea ipartzat hartuta abertzaleen arteko indar metaketaren bidetik prozesu soberanista bultzatu nahi izatera pasatu da ELA. Eta aurreneko Eusko Jaurlaritzekin sintonian lan sindikalerako egitura instituzionalak eraikitzen zuzenean lagundu ondoren, parte hartze instituzionalari lehentasunik eman ez eta kontrabotereko sindikalgintzaren bideari ekin dio.
Elkarrizketa honetan, ezagun du bi aldaketa estrategiko horien zergatiei buruz azalpenak eman nahi dituela Elorrietak, bere belaunaldiak ELAn egin duen bidea zergatik egin duen garbi uzte aldera, eta ezagun du baita ere aldaketa horiek egiteko ausardia eta gaitasuna eduki izanaz harro dagoela, ELAko belaunaldi berriari utzi dioten ondarea aurrera egiteko oinarri baliotsua dela uste duela” (Imanol Murua Uria)