Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldiak

2006/03/08

Martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Egun horri begira, hamaika ekimen daude antolatuta. Goizeko 10tan, ELAko militanteek "Pertsonen zaintza, ardura sozial eta politikoa" izeneko hitzaldietara joateko aukera izan dute. Bilbon, Juan Larrea salan izan da hitzaldia; Donostian Kutxa Aretoan; Gasteizen eta Iruñean, ELAren egoitzan. Hitzaldietan, ELAren Emakumeen Foroko ordezkariek ere parte hartu dute.

Eguerdiko 12tan, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta ELB sindikatuek deituta elkarretaratzeak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, "Denok batera emakumeen aurkako indarkeriaren eta prekarietatearen aurka" lelopean. ElkarretaratzeaK Diputazioaren egoitzaren aurrean hasi dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen; Parlamentuaren aurrean Iruñan.

Azkenik, arratsaldean, hamaika ekimen izango da hiri eta herrietan, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Plataformak deituta. Baionan, manifestazioa 18tan hasiko da, Herriko Etxean. Hazparnen, 19tan, Eliza Plazan. Bilbon, 19:30tan, Arriagan. Gasteizen, ordu berean, San Antonen. Iruñean, Gaztelu Plazan, 20tan. Donostian, berriz, 19:30tan hasiko da, Boulevardean.