Emakume sindikalistok prest! Feministok prest!

2016/04/06
ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuko emakume feministak, apirilaren 9an Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta eta “11 eraso 12 erantzun” lelopean egingo den manifestazio nazionalari bere atxikimendua eman diote.

Sindikatuon Agiria

Guk ondo ezagutzen ditugu egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak lan munduan ere emakumeon gain ezartzen dituen indarkeria anitzak. Lan munduan, lan merkatu formalaren munduan, eta nola ez, aitortzarik gabeko lanen esparru ikusezinetan, indarkeria sexistak ere baditu milaka aurpegi. Askotan neurgaitzak izanik ere, izendatu eta salatu beharrekoak.

Indarkeria sexista estrukturala den heinean, lan munduan zein gure bizitzako gainontzeko esparru guztietan eragiten digu, horregatik mugimendu feministarekin batera, eta gu ere feministak garelako, saretze feminista handi honekin bat egin nahi dugu.

2014. urtean Euskal Herriko hainbat sindikatu eta eragile sozialek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bezala ezagutzen den tresna bateratua sortu eta plazaratu genuen. Tresna honekin, instituzioak zuzenean interpelatzeaz gain, bestelako jendarte eredu baterako printzipio eta tresnen proposamen indartsu bat egin genuen.

Feministok bertan egon ginen eta “indarkeria sexistarik gabeko bizitza baterako eskubidea” printzipio nagusi bezala kokatu genuen. Bertatik, baina baita bidean ditugun hainbat elkargune desberdinetatik indarkeria sexistaren hamaika aurpegiak identifikatu eta salatzeko prest egongo gara, bai lan mundutik baina baita lan mundutik kanpo ere. Ahalegin kolektibo hau irmoki babestu eta hedatu nahi dugulako.

Bide horretan, euskal jendarteari dei egiten diogu apirilaren 9an Gasteizko kaleak bete eta indarkeria sexistaren kontrako salaketa eta borrokara batu daitezen.