Emakumeen langabezia ez da murriztu ekainean

2021/07/02
Emakumeen langabezia ez da murriztu ekainean
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabeziari buruzko datuek erakusten dutenez, gizonen langabeziak behera egin du enplegu prekarioak sortzearen kontura. Egoera horren aurrean eta azken egunetako lan-erreformaren inguruko albisteen aurrean, ELAk berriro ere dio aukera bakarra PSOEren eta PPren lan erreformak erabat indargabetzea dela, hauek soldaten debaluazioa eta prekaritatea baino ez baitiote ekarri langileei. Zentzu horretan, ELAk elkarrizketa eta hitzarmen soziala baztertzen ditu, patronalari beto eskubidea ematen diolako lan erreformak indargabetzeko orduan. Beraz, langile-klasearen pobretze egoerari aurre egiteko eta horien lan-baldintzak hobetzeko, elkarrizketa sozialaren adostasunetik kanpoko neurri irmoak hartu behar direla berretsi du.

Hego Euskal Herrian 2.533 pertsonatan murriztu da langabezia ekainean, pasa den hilekoa baino askoz ere murrizketa txikiagoa. Murrizketa hori gizonen artean gertatu da, ez, ordea, emakumeengan. Horrela, emakumeek dagoeneko langabetuen % 57,5a suposatzen dute, aurreko hilabeteetakoa baino ehuneko altuagoa. Gainera, emakumeen desenplegu-tasa % 14,3ra igo da.

Europarekin alderatuta, HEHren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian, tasa % 12koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 7,2koa. Beraz, datuek erakusten dute langabeziaren igoera askoz handiagoa izan dela HEHn EBko kide diren herrialdeetan baino.

Prekaritateak bere horretan jarraitzen du. Ekaineko kontratuek gora egin dute maiatzeko datuekin alderatuta, hala ere, kontratuen hazkundeak ez dakar kalitatezko enplegua. Halaber, Espainiako Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera, kontratu gehienak aldi baterakoak dira, zehazki, behin-behinekotasuna % 93koa da.

Desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ez zuten inolako prestaziorik jaso maiatzean; zifretan, 88.426 pertsona egon ziren inolako prestaziorik gabe. Gainera, lau langabetik batek ( % 25) soilik kobratu du kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.