Emakumeen Mundu Martxako Europako koordinazio bilera Euskal Herrian

2006/10/18
Asteburu honetan, urriak 20, 21 eta 22an Emakumeen Mundu Martxako Europako koordinazio bilera egingo da Irunen. Europako toki askotako emakumeak izango dira bertan, hala nola, Galizia, Gaztela, Katalunia, Portugal, Italia, Suitza, Frantzia eta Euskal Herria. Horrez gain, Brasilgo emakumeen plataformako delegazio bat ere bertan izango da. ELA sindikatuko ordezkaritzak ere parte hartuko du, Alazne Alonso eta Itziar Gabikagogeaskoa genero arloko arduradunak ere bertan izango baitira.

Hiru egunetan zehar hainbat gai landuko dira, baina puntu nagusienak emakumeen kontrako indarkeria, pobrezia eta prekarietatea izango dira. Europako Koordinazioaren etorkizuna ere hizpide izango da.

Herrialde bakoitzak bere errealitatea eta dituen arazo eta zailtasunak azalduko ditu. Denon artean emakumeoi eragiten diguten arazo nagusienak lantzeaz gain, etorkizunera begira gure arteko elkarlana bultzatuko dira.