Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egin!

2005/11/24

Euskal Herriko EMAKUMEEN MUNDU MARTXAKO PLATAFORMAK bi helburu nagusi ditu batipat. Alde batetik, emakumeek mundu osoan pairatzen dugun indarkeria eta biolentzia salatzea eta bestetik pobreziari aurre egitea.

Emakumeok sufritzen dugun indarkeria, jendartearen eremu guztietan sufritzen dugun diskriminazioaren eta bereizkeriaren ondorio latzena da, jendarte patriarkalaren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazle latzena. Beraz emakumeon kontrako indarkeria gizon eta emakumeon arteko harreman hierarkikoetan du jatorria eta jendarte honek eragiten dituen diskriminazio egoera guztietan oinarria.

Aurten dagoeneko bederatzi dira Euskal Herrian eraildako emakumeak. Zifra altua da, zalantzarik barik. Eta zoritxarrez, egunero izaten dugu biolentzia sufritzen duten emakumeen albisteen berri. Erasoak, salaketak, tratu-txarrak, sufrimendua, tortura,...

Emakumeen kontrako biolentzia kasuak egunerokotasunaren parte dira. Egoera jasanezina da eta errotik aldatu beharra dago. Emakume bat hiltzen duten bakoitzean, ankerkeria horren aurrean, eraildako emakumeen senitartekoek eta lagunek sentitzen duten sufrimenduarekin bat egin nahi dugu, gogorra bada ere, Euskal Herriko Plataformako emakumeok euren ondoan gaudela adierazteko. Neurriak hartzea ezinbestekoa da gaitz honekin amaitu nahi badugu eta denon laguntza ezinbestekoa da.

2005eko Azaroaren 25 honetan joan den urtean lantzen hasi ginen gai pare bati ekiteko deia luzatu nahi dizuegu. Emakume bat hiltzen duten bakoitzean, heriotza horren berri prentsa idatzian ematen denetik 48 ordura manifestazio edo kontzentrazioak egingo ditugu gure hiriburu eta herrietan.

Proposamen honekin emakumeok eta jendarte osoak eman behar dugun erantzuna bateratua eta berehalakoa izatea nahi dugu, herri ezberdinetan egun berdinean egiteak indarkeriaren kontra gaudela argi adieraziko da eta denon artean eman beharreko erantzunak bere espazioa izango du.

Emakumeon kontrako indarkeria aurre egitea ezinbestekoa da, beraz denok batera biolentziarekin bukazteko bidea egin behar dugu.