Emakumeonganako Indarkeria salatu du ELAk

2015/11/25
Emakumeonganako Indarkeria salatu du ELAk
ELAk formazio jardunaldia egin du gaur goizean Bilboko Bidebarrieta udal-liburutegian, Emakumeonganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. Bertan, sindikatuko genero arduradunarekin – Jone Bengoetxea– batera Berria egunkariko Maite Asensio kazetaria izan da. Ondoren elkarretaratzea egin da Bilboko Arriaga Plazan

Bestalde, Jone Bengoetxea ELAko genero arduradunak, salatu duenez injustizia guztiei ez zaie erantzun berbera ematen, diskurtso ofiziala eta ohiko protokoloa aurkakoa sinetsarazten saiatuagatik. “Heriotza guztiek ez dute berdin balio. Ez da gauza bera hildako gizon edo emakume bat. Ez da gauza bera heriotza edo hilketa. Emakumeoi eta gizonoi ez digute balio bera aitortzen jendarte honetan. Begi-bistakoa ez al da? “

Maite Asensiok azpimarratu duenez, komunikazio hegemonikoa sexista da, eta hedabideak logika horren barruan kokatu behar dira. “Hedabideek, masa hedabideek, indarrean dagoen ideologia erreproduzitzen dute. Horregatik sexismoa erreproduzitzen dute, eta horretarako bi dira modu nagusiak: lehena, emakumeon ikusezintasuna; bigarrena, estereotipoak edo genero rolak, hau da, emakumeen inguruko informazioen trataera”.

Asensiok bere hitzaldian zehar indarkeria matxistaren analisi sakona egin du, dituen adar ezberdinetatik jorratuz. “Indarkeria matxista logika neoliberalaren barruan kokatu behar da. Indarkeria gauza asko dira; noski, aldiro-aldiro gertatzen diren erailketak indarkeria matxista dira, baina badira horren agerikoak ez diren indarkeria sexista mota batzuk, horren agerikoak izan ez arren indarkeria ere direnak”.

Indarkeria mota horien artean indarkeria sinbolikoa aipatu du, besteak beste. “Emakumeen mendekotasuna eta diskriminazioa normalizatzean edo justifikatzean datza. Eta hedabideetan honen adibide ugari ditugu. Horregatik nire helburua hedabideen lanarekin kritikoagoak izateko irizpideak ematea izan da. Praktika txarrak detektatzera eta salatzera gonbidatzen zaituztet”.

Bidebarrietako ekitaldiaren ostean kontzentrazioa egin da Arriagaren aurrean. Gainera, ELAk bat egiten du arratsaldean mugimendu feministak Euskal Herri osoan zehar antolatu dituen ekitaldiekin.