Emakunde berandu eta ondorio praktikorik gabe mintzatu da Alestis Aerospace-ko ERTEn genero-diskriminazioaren aurrean

2021/03/25
ELAk bere etsipena adierazi du Emakundek kaleratu berri duen ebazpenagatik; izan ere, Alestis Aerospace enpresak (Araba) egindako lan-erregulazioko espedientean genero-diskriminazioa egon dela uste du, sindikatuak bere garaian defendatu zuen bezala. Izan ere, ebazpen hau ELAk salaketa jarri eta 8 hilabetera iritsi da, zainketagatik lanaldi-murrizketa duten emakume langileek kalean jarraitzen duten bitartean. Eta, gainera, gomendio hutsa da, balio juridikorik gabea.

Pasa den urteko ekainean, ELAk salaketa jarri zuen Emakunden Arabako Alestis Aeroespace enpresan ezarritako ABEEan emakumeak diskriminatzen zirelako. Enpresak CCOO eta UGTrekin batera adostutako ABEEak zaintzagatiko lanaldi murrizketa zuten emakumeak zigortzen zituen: “Zeharkako eskulana” taldean, 8 pertsonari aplikatu zitzaien ABEEa, horietatik 7k adin txikikoak zaintzeko lanaldia murriztua zuten emakumeak izanik. Horietako bat, gainera, ELA Sindikatuko ordezkaria ere bada.

Emakundek ELAri helarazi dion ebazpenean onartu du “nahiz eta enpresak formalki neutroak diren irizpideak erabili dituen ABEEn sartutako langileen hautaketa justifikatzeko, horrek ondorio kaltegarria eragin die zaintzagatiko lanaldi-murrizketarako eskubidea bialiatzen zuten langileei, guztiak emakumeak, eta ez da jasota geratu irizpide horietatik abiatuta egindako hautaketa posible bakarra zenik”. Ebazpenak ELAri arrazoia eman dion arren, sindikatuak salaketa jarri eta 8 hilabete beranduago iritsi dela deitoratu du, paraleloki epaitegietan ere aurrera eramaten ari den prozesu juridikoan ebazpen hau aurkezteko epea eta aukera galduta daudelako, 8 hilabeteren ondoren.

Honetaz gain, sindikatuak ebazpena gomendio hutsetan geratu izana gaitzetsi du, berdintasun formal hutsean geratzen delako, praktikan ABEEak kaltetutako emakume langileen lan eta bizi baldintzengan benetako aldaketarik eragin gabe. Ebazpenak ebazpen, gomendioak gomendio, Alestis Aeroespace enpresan lanaldia murriztua duten emakume langileek kalean jarraitzen dute.