Eneko Anduezak mediku eskasia euskarazko exijentziarekin lotzea oso larria eta gezurra da

2022/06/10
Eneko Anduezak mediku eskasia 4. Hizkuntza Eskakizunaren exijentziarekin lotu du, Osakidetzan ez denean eskakizun hori exijitzen. Hitz horiek euskarekiko iritzi okerra sortu nahi dute gizartean PSE-EEren interes alderdikoi eta identitarioengatik.

Eneko Anduezak irratian egindako adierazpenen harira ELAk hurrengoa esan nahi du:
• Osakidetzak 2. Hizkuntza Eskakizuna exijitzen du medikuen lanpostu batzuetan, inon ere ez du eskatzen 4. Hizkuntza Eskakizunik. Oso larria da gezur hau komunikabideetan hedatzea, besteak beste euskararekiko gorrotoa elikatu baitezake.
• Ospitaleetako mediku espezialitateetan soilik pediatria eta larrialdietan daude euskarazko ezagutza eskatzen duten lanpostu batzuk, beste medikuen milaka lanpostuetan ez da inongo eskakizunik eskatzen.
• Momentu honetan ez dago mediku elebakar bat bera ere langabezian euskarazko exijentziaren ondorioz. Osakidetzako kontratazio araudiaren arabera euskararen ezagutza duten hautagaiak topatu ezean perfilatutako lanpostuetan langile elebakarrak ere kontratatu daitezke.
• Espainiako gobernuak ez du aukerarik ematen hemen medikuak prestatzeko askatasuna izan dezagun, egoiliar kopurua eta egoiliarrak prestatzeko programak inposatzen baituzte. EAEn egoiliarren prestakuntzaren eskuduntza bagenu formazio espezifikoa egin ahal izango litzateke mediku onak eta euskaldunak prestatzeko.

Alderdi eta sindikatu batzuk hiztunen eskubideak bestelako eskubide batzuekin kontrajartzen ari dira azkenaldian, bai medikuen zein oro har herritarren hizkuntza eskubideak alboratuta eta mediku onaren eta euskaldunaren arteko dikotomia faltsua sortuz. Eta horretan PSE-EEk sekulako ardura du, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren parte den heinean.