Enplegu berriak ia erabat prekarioak dira

2016/01/26
Susperraldi sozioekonomikoaren baitan sortzen ari den enplegu berria ia erabat prekarioa dela salatu du ELAk. Bestalde, pertsona ugari daudela lan egin nahian eta ezinean eta horietako hamarretik sei baino gehiagok gutxienez urtebete daramala lan bila azaldu du. Gainera, langabezia egoeran dauden erdiak baino gehiagok ez du inolako prestaziorik jasotzen bere langabe egoeragatik.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Mikel Noval, arlo sozialeko burua eta Iñaki Salaberri, azterketa bulegoko kideak enplegu egoeraren azterketaren ale berria aurkeztu dute gaur goizean Donostian. Txostenean 2015ean enpleguak izan zuen bilakaera aztertzen da eta, bide batez, prekarietateak izan duen igoera jasotzen da. Izan ere, sorturiko enplegua gero eta prekarioagoa da.

2015. urtean zehar, Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu duenaren arabera, 1.206.253 lan kontratu egin dira Hego Euskal Herrian (2014an egindakoak baino %14,5 gehiago), horietatik 338.998 Nafarroakoak eta 867.255 EAEkoak direlarik. Kontratu gehienak –%93,6– aldi-baterakoak izan dira (Nafarroan %95,1 eta EAEn %93,1); beraz, behin-behineko 1.129.447 kontratu egin dira 2015ean HEHn eta soilik 76.776 izan dira mugagabeak.

ELAko idazkari nagusiak adierazi du sindikatuen aurkako estrategian Confebask patronalak Eusko Jaurlaritzaren babes osoa duela. “Sindikatuak baztertu nahi dituzte, ez dute borroka kolektiborik onartzen", "sindikaturik gabeko lan-harremanak nahi dituzte. Administrazioa, enpresa eta pertsonen norbanako harremana nahi dute, inolako antolakuntza kolektiborik gabe", azpimarratu du. Muñozen esanetan Confebask eta Eusko Jaurlaritza bat datoz langileon eskubideak murriztu eta prekarietatea ezartzeko estrategian.