Enplegu duina eta justizia soziala eskatzea maximalismoa al da?

2016/05/01
Milaka pertsonak -8.000 baino gehiago- parte hartu du Maiatzaren Lehena ospatzeko ELAk Bilbo eta Iruñean antolatu dituen ekitaldietan. “Gehiago balio duzu. Con reformas y convenios estatales más precariedad y pobreza” lelopean ospatutako ekitaldietan lan erreformak eta estatu mailako hitzarmenae prekarietatea eta txirotasuna ekarriko dutela salatu du ELAk.

Lehentasuna izan dute egunotako greba eta mobilizazioek: Bizkaiko erresidentziak, Gipuzkoako errepideen mantentzea, TMB Arraiz, Arcelor Mittal, EATON, Defontaine, Limpiezas Villar, Trapagarango kale garbitzaileak eta Bizkaibus, besteak beste.

Ohi denez, eguerdian ELAko idazkari nagusiak hitz egin du afiliatuen aurrean Bilboko Gran Via kalean. Muñozek adierazi du egoera zaila eta gogorra izan arren langileontzat itxaropena mantendu beharra dagoela adierazi du. "Guregan konfiantza izan behar dugu, injustiziak eragiten duten nazka eta amorrua botere eta antolakuntza bihurtu behar ditugu. Hori da mugimendu sindikalak atera behar duen ondorio nagusia”.

ELAko idazkari nagusiak balioa emango dio lan sindikalari. “Sindikatua da gobernuei eta patronalari aurre egiteko kontraboterea. Jende ahulena antolatzeko lan egingo dugu. Eta borrokara goaz. Antolatzen bagara, posible da. Kontrabotere izan nahi duen sindikalismo baten eginbehar nagusia antolatzea da”.

Muñozek nabarmendu du ajusteak eta erreformak ez direla bukatu.”Botere ekonomikoak behin eta berriz esaten du erreforma estruktural gehiago egin behar direla (laborala eta pentsioena), eta murrizketak azkartu, defizita betetzeko (20.000 milioi € moztu behar omen dira). Soldaten jaitsiera inposatu zutenek orain diote jornal kaskar hauekin ezin direla pentsioak ordaindu; horregatik, beste erreforma bat egin behar omen da”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Confebasken gizarte-eredua antisoziala dela azpimarratu du ELAko idazkari nagusiak. “Bat datoz gizarte-ereduari dagokionez; eta eredu horren oinarriak dira enplegu prekarioa, babes gabezia soziala eta sindikatuak ahultzea. Ados daude: eskubide laboral eta sozialak suntsitu eta eragotzi egin behar zaio ahulei, langile-klaseari, antolatzea”.

Bestalde, Mitxel Lakuntzak -ELAko koordinatzailea Nafarroan- herrialde honetan bizi den egoeraren inguruko hausnarketa plazaratu du Iruñean. Bere hitzetan, Nafarroak bizi duen egoera politikoaren hausnarketa egiterakoan ezin dugu alde batera utzi gure sindikatua jokatzen ari den papera, beti ere, politika sozialak lehentasuna izan dezan. Alde horretatik ezinbestekotzat jo du mobilizazioekin jarraitzea aldarrikapen sozialak bazter ez daitezen.

Lakuntzak gogoratu du urtetako lanak bere uzta eman duela eta lehendabiziko aldiz ELAk %22ko ordezkaritza lortu duela. “Inoiz izan dugun ordezkaritzarik handiena dugu, eta horrek gure sindikatua sendotu eta indartzea ekarri beharko luke” gaineratu du.

Arratsalde partean ELAko kideak bazkari herrikoietan elkartu dira Bilboko Areatzan eta Iruñeko Bernat Etxepare ikastetxean.

Adolfo Muñozen adierazpenak