Enplegu-politikak erabakitzeko aukerari uko egin zaio

2010/10/28
ELAren esanetan gaur Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatuko duten hitzarmenarekin –Madrilgo gobernuak EAJrekin itxi zuen itunaren fruitu dena- euskal erakundeek bertoko enplegu-politikak egiteari uko egiten diote.

 

“Propaganda ofizialak esaten duena esanagatik, testua hor dago, eta EAEri ukatu egiten dio aplikatu beharreko enplegu-politikak erabakitzeko eskubidea; baztertu egiten du Ekonomi Itunean ezarritako irizpideen araberako finantziazioa, eta ondorioz galera ekonomiko handia ekarriko du”, dio.

ELAk salatu du akordioari buruzko informaziorik ez dela eman, negoziazio prozesua ezkutuan egin dela. Ezin da onartu, dio Novalek, ez Jaurlaritzak, ez EAJk edota Espainiako gobernuak ere euskal sindikatu nagusiari eta gehiengo sindikaleko beste kideei ere horren berri eman ez eta kontsultatu gabe uztea. “Hau ez da bigarren mailako kontu bat; enplegu-politikaz ari gara, hots, langile-klasearentzako erabateko garrantzia duen gai batetaz“.

Baina hori ez da guztia. EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko hitzarmena gauzatzeko, hots, Estatutua betetzeko, baldintza bat ezartzen du: EAJk Zapateroren gobernua egiten ari den murrizteko politiketarako laguntzaile izan behar du (erreforma laboralarekin gertatu den bezala), baita etorkizun direnetarako ere (aurrekontuak eta pentsioak, adibidez).

"Horrenbestez, gaur langile-klasearentzako egun txar bat dugu. Ez dugu transferentzia ustelik nahi, ezta eskumenak eskubide laboral eta sozial murriztuen truke jasotzerik ere"